ALBISTEAK

Gaur beste behin ere, euskal preso politikoen eskubideen urraketa salatzeko ekimen bat aitzakia hartuta, hiru gazte nafar atxilotuak izan dira. Ekimena, gazte independentistek azken egunetan burutu duten "11 askatasunerantz" kanpainaren baitan burutu da, eta normaltasunez burutu den ekimen baketsua izan da.

Betikoan gaude, oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak atxilotu beharrean (kartzela politika kriminal, krudel eta mendekuzkoa bultzatzen dutenak kasu; edota eskubide zibil eta politikoak urratzen dituztenak), jendarte justuago eta demokratikoagoa baten alde dabiltzanak jazarri eta atxilotzen dituzte.

Atxiloketa hauek duten helburu bakarra agintarien gehiegikeriak salatzeko ausardia dutenak beldurtzea da. Gaur presoen eskubideak izan dira zioa, bihar murrizketen aurka protesta egitea izango da, eta etzi diru publikoaren lapurreta salatzea. Ez da onargarria gazteek gaua polizia-etxean pasatu beharra: jadanik identifikatu badituzte, zertarako atxilotu?

Erregimenak defendatzen duen jendarte ustel honetan, gaurkoa bezalako ekimen baketsuak aire freskoa dira. Elkartasuna ezinda kriminalizatu, beti existitu da eta existituko da. Edozein gizartetan funtsezkoa da oinarrizko eskubideen defentsa egitea, libre izan nahi badu behintzat. Oinarrizko eskubideen defentsa ezin daiteke politikari ustelen esku utzi, edo nahierara hautatutako epaileen esku, edo politikari ustel horiek inposatutako legeen esku.

Eskubide zibil, politiko eta sindikalen defentsa jendarte osoaren ardura da.

Bukatzeko eskertu nahi diegu gazte hauei erakutsitako konpromisoa, eta argi izan dezatela ez daudela bakarrik euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan, eta hurrengo urtarrilaren 10ean argi ikusiko dutela Bilboko kaleetan. Ezin bukatu atxilotuen kargu gabeko askatasuna eskatu gabe.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.