ALBISTEAK

Sorturen Kontseilu Nazionalak dolumin sentituenak eman nahi dizkio Iosu Uribetxeberria Bolinagaren senide eta lagunei.

Kriminaltzat du Sortuk Gobernu espainiarraren espetxe politika eta Iosu Uribetxeberriaren heriotzaren inguruan jazoriko gertakariek espetxe politikaren izaera kriminala berretsi besterik ez dute egiten. Hainbat heriotza eragin dituen espetxe politika baten ondorio da Iosu Uribetxeberriaren heriotza.

Sakabaneketa politikak, isolamendu sistematikoak eta osasun arreta eskasak eragin zuzena dute euskal preso politikoen osasunean. Era berean, euskal preso politikoen sakabanaketa politikak erruleta errusiarrara kondenatzen ditu euren senide eta lagunak astebururo eta dagoeneko hainbat istripu eragin ditu, azken urteotan 17 lagunen heriotza eraginez.

Espetxe politikaren ondorioak kriminalak dira eta beraz, justizia transizionalaren klabean aldaketa behar du politika horrek. Zalantzarik gabe, herri honetako gehiengo sozialak joan den larunbatean Bilboko manifestazioan eskatu bezala, sakabanaketa eta espetxe politikari amaiera eman behar zaio.

Iosu Uribetxeberriaren heriotzak agerian utzi du gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan urgentziaz jokatu beharra dagoela. Une honetan, osasun egoera oso larria duten presoek askatasuna berreskuratzeko berehalako neurriak martxan jartzea beharrezkoa da. Modu horretara, espetxealdiak galarazten dien tratamendu medikua jasotzeko aukera izango lukete. Horregatik, eta luzapenik gabe, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna exijitzen dugu.

Sekula ez dugu ahaztuko alderdi espainiar batzuetatik eta biktimen zenbait elkartetan parasito legez jardun duten sektore ultrek Iosu Uribetxeberriarekin izan duten jokaera doilorra. Bere gaixotasuna dela eta iseka egin ziotenak, gaixotasuna bera zalantzan jarri zutenak, bere bizitzaren azken hilabeteak gurutze-bide judizial eta mediatikoa bihurtu zutenak, zorioneko daude. Errebantxa goseak eta mendeku politikek ez dute sekula euskal jendarteak horrenbeste nahi duen justiziazko bakea eta elkarbizitza lortzeko balio izango. Sortuk, gaur, inoiz baino sendoago bake eta elkarbizitza horren aldeko hautua egiten du.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.