ALBISTEAK

Azken aste hauetako gertakariek bi errealitate ezberdin ikustarazten dituzte, bakearen etsaien estrategian sakontzen duen Estatu batena batetik eta bestetik, bakean, demokrazian eta askatasunean bizi nahi duen herri batena.

Estatu espainiarrari erreparatuz, argi eta garbi dakusagu deskonposizio prozesu batean murgilduta dagoela. 78ko erreformatik eratorritako erregimenak ezarririko berme demokratiko epeletan sakontzetik urruti, inboluzio dinamika batean sartuta dago Estatua.

Horren ondorio zuzen eta lazgarria, azken asteotako azeleroi errepresiboa: Preso politikoei babes juridiko eta soziala ematen dieten 16 lagunen atxiloketa horietako hiruren espetxeratzea; ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa, atxiloketen ondorioz atzeratua, Auzitegi Gorenaren mendekuzko erabakia eta gaur bertan, Santi Arrospideren atxiloketa. Arrospideren atxiloketa mendeku gose ikuspegi batetik uler daiteke soilik. 27 urtez espetxeratua egon den pertsona bati, kaleratu eta hilabetera orain dela 27 urteko ekintza baten ardura leporatzea Arrospide espetxeratzeko aitzakia baino ez da.

Egoera honen inguruko hausnarketa eginda, honako ondoriora iristen da Sortu: Estatu autokolpe berri baten aurrean gaude. Estatuko botere faktikoek etorkizuneko Estatu eredua baldintzatu nahi dute jadanik, etorkizuneko terrenoa markatzen ari dira. Egungo egoera termino elektoraletan soilik aztertzea akats nabarmena litzateke, izan ere sakoneko helburuak dituen estrategia baten aurrean gaude.

Otsailak 23koarekin antza handia daukan autokolpe batez ari gara, edozein tresnataz baliatzeko kapaza dena aldaketa eragozteko, bai Euskal Herrian eta Catalunyan, eta baita Espainolean ere. Salbuespenezko ikuspegitik ari dira gobernatzen

  • Mordaza legea aurrera eramaten.
  • Epaileak euren esanetara jar daitezen behartzen.
  • Abokatuak atxilotzen.
  • Akusazio berriak fabrikatzen epaileen erabakiak ez dituztenean gustuko.
  • Aldaketarako aukera oro etengabe kolpatzen.

Azken finean zuzenbide estatu batean oinarrizko ezaugarriak diren defentsarako eskubidea, adierazpen askatasuna edota botere banaketa bezalako elementuak hankaz gora jarriz.

Salbuespeneko politikak ez dira Ezker Abertzalearentzat edota euskal edo katalan herritarrontzat bakarrik. Orain estatuan aplikatzen ari diren neurriak Euskal Herrian ikusi ditugu praktikan aplikatuak azken hamarkadetan. Mordaza legeak eta herritarren askatasunen murrizketak Euskal Herrian aplikatutako salbuespenezko neurrietan dute oinarri.

Eta neurri horien helburua ez da ez segurtasuna ezta ongizatea ere. Helburua da aldaketa eragoztea bai hemen, Catalunyan eta Estatu osoan. Eta horretarako orain Yihadismoaren koartada erabiltzera doaz; eta horrela martxan jarri ZEN plan berri bat ez bakarrik Euskal Herrian baizik eta Estatu osoan.

Beraz esan bezala, argi dugu Estatu autokolpe honen ondorioak euskal herritarrok pairatuko ditugula, baina hein berean Herri Katalanek zein Estatuko herri klaseak pairatuko dituela argi dugu.

Euskal Herriari begira kokatzen bagara ordea, oso argazki ezberdina dugu. Bilbo eta Donostian astebeteko epean egin dira mobilizazio erraldoiek argi erakusten dute Euskal Herriak egoera honekin amaitu nahi duela, ozen adierazi dugu ez gaudela prest Estatu espainiarrak kondenatu nahi gaituen gatazka egoeran bizitzera.

Bilbo eta Donostiako mobilizazio erraldoiek erakutsi duten moduan hemen talka demokratikoaren bitartez egingo dugu aurrera eta lortuko ditugu gure helburuak, presoak etxeratzea eta herri gisa dagozkigun eskubide demokratikoak.
Bilbo eta Donostian bildutako hamarna milaka lagunek Estatuak herri ahu itotzeko helburuarekin elikatzen duen zurrunbilotik atera eta bide propio bati ekitako indarra badagoela erakusten digute, nahiz eta batzuk nahiago izan ostrukarena egiten jarraitu.
Aurrera begiratzeko garaia da: Alternatiba bakarra independentzia da. Eta horretarako indarrak bildu behar dira guztion artean bide propioa definitzeko eta herri honen askatasunerako grina azken muturreraino eramateko. Izan ere, eta ideia hau azpimarratu nahi dugu, Estatuak ez du eta ez du izango agenda demokratikorik. Estatua espainiarraren baitan, euskal herritarrok ez dugu sekula bakerik izango.
Euskal herritarrok inposaketarik gabe, guardia zibilik gabe, bortxakeriarik gabe, mehatxurik gabe, beldurrik gabe bizitzeko eskubidea daukagu eta SORTUren konpromisoa helburu horiekiko inoiz baino tinkoagoa da.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.