Estatuko indarrik errekzionarioenak esfortzu izugarria egiten ari dira azken garaiotan, aldaketa politikoa ekarriko duten prozesu desberdinak geldiarazteko, bai Euskal Herrikoa, bai Kataluniakoa bai eta Estatuan eman daitekeena.
Ez da aurreneko aldia aipatzen duguna, baina gaur errepikatu nahi dugu berriz ere estatu autokolpe baten aurrean gaudela. Estatu autokolpe bat oinarrizko eta funtsezko askatasun guztiak bortxatzetik pasatzen dena eta salbuespen hutsean oinarritzen dena. PPko sektore ultrenak, Guardia Zibila eta judikaturako hainbat lagun dira dinamika honen bultzatzaile.
Logika eta sektore horietatik dator Hasier Arraizen aurkako salaketa ere. Ez dute nahi egoera salatzen duen adierazpenik, ez eta autokolpearen protagonista diren horien jarduna salatzea. Auzitegi Gorenean, euskal presoen zigorren batuketa dela eta gertatutakoa guztiz esanguratsua izateaz gain, esaten dugunaren adibide hutsa da. Benetan eskandalagarria da zer nolako presioak eta zeinen agerikoak egin dituen gobernuak, epaileek beraien asmo politikoen araberako erabakiak hartzeko, eta, horrekin batera, irmoki salatu egin behar da ere zenbait epaile presio horietara makurtu izana.
Testuinguru horretan kokatu egin behar da ere, zalantzarik gabe, gobernuak afera judizial zaharrak irekitzeko fiskaltzari emaniko agindua, kausa horiek bideraezinak badira ere edota argudio erabat ahul eta zuzenbidearen kontrakoak erabili behar badira ere.
Duela egun batzuk Santiago Arrospiderekin gertatukoa sistema judiziala helburu politikoen mesedetara jartzearen adibide argienetarikoa da:
- Behin Parot Doktrina bertan behera erorita eta europar legediaren arabera behin bere zigorrak batuta, Santiago Arrospide askatasunean ateratzen da, ezarri zitzaion zigorra erabat beteta. Baina handik aste batzuetara bere kontrako akusazio berriak fabrikatu egiten dituzte eta duela 28 urtetako kausak berrirekitzen dizkiote, bakar bakarrik berriro espetxeratzeko asmoz, bete duen denbora ez duelako nonbait asetzen estatuak bizi osorako zigorraren duen egarria. Eta bere etxean lasai-lasai egon arren, inora joateko asmorik gabe, polizia bidali eta kartzelara sartzen dute, duela 28 urteko egitate batzuengatik. Eta kartzelara sartzen dute jakinda, afera horiengatik zigorra edo zigorrak egongo balira ere, horiek inongo eragin praktikorik ez zutela izango, jada betetako kopuruan sartuko zirelako, alegia, bete duen 30 urteko topean.
- Agian gobernuak maniobra hau egiten du, jakin badakielako posible dela Entzutegi Nazionaleko aretoren batek gaia Luxenburgoko epaitegira eramatea eta hor, bere momentuan Estrasburgon gertatu zen moduan, eskubideen alde ebatziko dutela eta beraz, estatu espainolak egin dituen interpretazio eta maniobra maltzurren kontra.
- Hau ez bada arau guztien kontra aritzea, ez bada oinarrizko eskubideak bortxatzea eta ez bada zuzenbidea urratu eta bortxatzea, zer izango da ba?
- Guztiz agerikoa da epaileek PPren gobernuaren esanetara eta biktimen zenbait ultraeskuindar elkarteak asetzeko ebazten dutela, horretarako eskubide guztiak zanpatzen dituztelarik. Eta zertarako hau guztia? Gorrotoa eta mendekua elikatzen jarraitzeko eta PPri bozka emango dioten sektorerik erreakzionarioei bazka eskaintzeko. Eta gero, Luxenburgok ebazpen horiek zuzenduko duenean esan ahal izateko Europak galarazten duela Estatu espainolean bizi arteko zigorra ezarri ahal izatea.
Berriz ere azpimarratu eta salatu nahi dugu oinarrizko eskubideen kontra eta estatu demokratiko baten zutabeen kontra gobernatzen ari dela PP. Berriz ere salatu nahi dugu estatu espainola salbuespen hutsean oinarritzen dela, eta hemen ez dagoela lotsarik epaileen ebazpenak gobernutik diktatzeko, edota abokatuok atxilotzeko eta horrekin oinarrizkoa beharko lukeen defentsa eskubidea zanpatzeko, berme guztiak eta gehiago izan beharko lukeen eskubidea.
Hau guztia ikusita zalantza izpirik gabe esan daiteke estatu espainoleko sistema judiziala frankismoaren garaiko sistema judizialetik gertuago dagoela Europako estandarretatik baino. Epaile askok badaki eta horregatik planto egiten dute, baina gaur gaurkoz hori ez da nahiko salbuespenezko legedi eta etsaiaren zuzenbide delakoa geldiarazteko.
Honek guztiak helburu argi bat du: Zigorrak betetzen doazen heinean eta preso kopurua jaisten doan heinean inork ez dezala kuestiona Auzitegi Nazionala eta eszepzioko tribunal honen inguruan sortutako sekurokrazia sistema osoa. Eta bide batez, kartzelak berriro bete daitezen euskal gatazkaren parametroak parametro errepresiboetatik sekula atera ezdaitezen, horrela gako politikoak ez sekula abordatzeko.
Azken finean, posizio politiko zailetan aurkitzen direnean antiterrorismoaren mamua berriz ere astintzen dute, posizio deseroso horiek ekidin nahian eta, harritzekoa bada ere, batere eroso egiten ez zaien normalitatearen egoera bat ekiditeko.
Benetan beldurra diote proiektu politiko desberdinen arteko konfrontazio libreari.
Eta mendekua bilatzen dute ere bai. Galtzaile moduan agerrarazi nahi duten sektore politiko bat baina posizioak etengabe aurreratzen ari den sektore politiko baten kontrako mendekua.
Deskribatu dudana España da, hau da Madrilek euskal herritarroi egiten diguten eskaintza Españako proiektu barruan gera gaitezen. Baina Sortun argi eta garbi ikusten dugu proiektu horren barruan euskal herritarrok ez dugula aukera bat bera ere ez: ez bakean bizitzeko, ez gure oinarrizko eskubide zein askatasunak libreki garatzeko ezta herri gisa biziraungo dugula bermatzeko.
Euskal Herritarrok ez gara inoren menpeko, ez diogu inori baimena eskatu behar ezta itxaron behar ere erabakiak hartzeko. Guk geuk eskuratuko ez duguna, guk geuk egingo ez dugun bideak ezin izango gaitu askatu, ez herri gisa ezta gizarte justuago baten eraikuntzan ere.
Ukazioa eta errepresioa soilik eskaintzen duen estatua eta bere euskal sukurtsalen aurrean, independentziarako aldebakarreko bide propioa egitearen hautua egin dugu.
Horregatik jarri dugu mahai gainean EUSKAL BIDEAren proposamena. Proposamena eta gonbitea, horrekin gonbidatu nahi dugulako ahalik eta jende gehien bai diseinatzeko bai partekatzeko Euskal Estatu independente batera eramango gaituen bidea. Etorkizuna gure esku dago. Deus onik ezin dugu Madrildik espero, baina badago bide posible bat gure eskubideen bermera eramango gaituena eta herri gisa erabakitzera eramango gaituena. Eta bide hori euskal gizartearen parte garen guztion artean adostu eta partekatu behar dugu.