ALBISTEAK

Berriz ere oso aste gutxitan zuen aurrean agertzen gara salatzeko akusazioen fabrikatzea edota frogak artifizialki sortzea deitu dugun praktika ankerra, eta aldi berean salatzeko praktika honek helburu argi bat daukala: beren zigorrak bete dituzten zenbait lagun berriz ere prozedura judizial bati aurre egitea eta, kasu gehienetan, horiek berriz ere kartzelan sartzea.

Gaur, Jorge Olaiz iruindarraren kasua salatu behar dugu zehazki. Izan ere, Jorge pasa den 2014ean askatasunean atera ondoren 13 urtetako zigorra beteta, orain bigarrenez- bere momentuan akusatu zutelako baina akusazioak ez zuen aurrera egin- Miguel Angel Ruiz Langarika, Iruñeko udaleko zinegotzi ohia hiltzen saiatzeagatik akusatu berri dute.

Jorge Olaiz 2001ko azaroaren 24an atxilotu zuten Iruñean, Guardia Zibilarekin tiroketa batean parte hartzea leporatuta. Atxilotu eta lau egunez inkomunikatu zuten. Lau egun horien ondoren epailearengana eraman zutenean tratu latza eta tortura salatu zituen eta une hartan bi aferengatik inputatu zuten:

  • Lehenik eta behin atxiloketarekin zuzen zerikusia zuen akusazioarengatik.
  • Eta bigarrenez, aipaturiko saiakerarengatik, sumarioak dioen arabera urte bat lehenagoko gertatutakoa eta Iñaki Beaumont, iruindarra ere, atxilotua izen zena eta jada zigortua.

Aipaturiko lehendabiziko sumarioak aurrera egin zuen eta bukatu zuen 12 urte t ́erdiko zigorrarekin Jorgerentzat. Baina bigarrena, orain berriro ireki diotena, ARTXIBATU EGIN ZEN 2002ko uztailean, berari deklarazioa hartu ondoren eta fiskalak berak eskatuta BERE KONTRAKO FROGA NAHIKORIK EZ ZEGOELA argudiatuta. Argudio hau epaileak onartu zuen eta, esan bezala, kasua artxibatu zioten.

Baina, 13 urte beranduago, askatasunean atera denean, zenbait komunikabideen partetik kanpaina handia egon da Jorgeren irteera kritikatuz eta kriminalizatuz eta komunikabide horietako batean Miguel Angel Ruiz Langarica bera agertu da inpunitateaz hitz egiten eta esaten kosta ala kosta Jorgek ordainduko zuela. Eta hau guztiaren ondorioz, ustezko gertaeratik 15 urtetara zerbait zinez harrigarria eta sinesgaitza gertatzen da.

Izan ere, orain duela 15 urteko kausa hau berrirekitzen diote Olaizi, Polizi Nazionalak eta Guardia Zibilak elkarrekin informe bat egiten dutelarik, orduan fiskalak eta epaileak aztertu zituzten frogei interpretazio berri bat emanez, eta testuinguru horretan LEKUKO BAT AUKEZTEN DUTE, SEKULA kausan agertu ez dena, baina orain esaten duena BERA HAN ZEGOELA Iñaki Beaumont atxilotu zutenean eta berak diola berarekin bigarren pertsona bat bazegoela, eta identifikatzen du pertsona hori Jorge Olaiz bezala. Lekuko bat, hori bai, anonimoa dena, nor den jakin ezin dena, eta guztiz ezkutatuta mantenduko dutena momentu guztietan parte guztiengandik. Logika guztien arabera guztiz GUZTIZ SINESGAITZA.

Eta horri, fiskal berri batek eta epaile batek balioa ematen diote eta Olaiz deitzen dute inputatu moduan deklaratzera. Inputatu moduan deitzen dute eta, gure kezka egiaztatzen bada, kartzelara ere sartu sartuko dute.

Egoera hau, hasieran esan bezala, ozen eta irmo salatu nahi dugu:

  • Logika guztiak bortxatzen dituelako
  • Prozesu penalaren muga guztiak zanpatzen dituelako
  • Baina batez ere, sorburu eta helburu politiko ankerrak eta ilunak dituelako

Azken asteotan Sortuk salatu duen jazarpen dinamikaren baitan kokatzen dugu Jorge Olaizen zitazioa. Hainbat aurrekari ditu zitazio honek:

  • Preso politikoei babes juridiko eta soziala ematen dieten 16 lagunen atxiloketa horietako hiruren espetxeratzea.
  • Frantzian preso egondakoen zigorra bikoizteko Auzitegi Gorenaren erabakia.
  • Aske diren presoei inputazio berriak eraikitzeko PPren gobernuaren presioak. Honen adibide, Santiago Arrospideren atxiloketa zein espetxeratzea. Arrospide preso mantentzen dute era ilegalean, pertsona bat preso mantendu daitekeen denbora topea gainditua duelako.

Berriz ere azpimarratu eta salatu nahi dugu oinarrizko eskubideen kontra gobernatzen ari dela PP. Berriz ere salatu nahi dugu estatu espainola salbuespen hutsean oinarritzen dela.

Adierazi izan dugun bezala, arrazoi ezberdinak ditu PPk errepresioaren azeleragailua sakatzeko: Espetxeak beterik mantendu eta Auzitegi Nazionala zein salbuespenezko araudien sistema errepresibo osoari eutsi. Eta bereziki, euskal gatazkaren parametroak parametro errepresiboetatik sekula atera ez daitezela, horrela gako politikoak ez sekula abordatzeko.

Salbuespeneko politikak ez dira Ezker Abertzalearentzat edota euskal edo katalan herritarrontzat bakarrik. Orain estatuan aplikatzen ari diren neurriak Euskal Herrian ikusi ditugu praktikan aplikatuak azken hamarkadetan. Mordaza legeak eta PPk eta PSOEk sinaturiko itun berriak suposatzen duten herritarren askatasunen murrizketak Euskal Herrian aplikatutako salbuespenezko neurrietan dute oinarri.

Salbuespen egoera Estatu osora hedatu nahi dute, ZEN plan berri baten bidez.

Gaur errepikatu nahi dugu: estatu autokolpe dinamika baten aurrean gaudela. Estatu autokolpe bat oinarrizko eta funtsezko askatasun guztiak bortxatzetik pasatzen dena eta salbuespen hutsean oinarritzen dena. PPko sektore ultrenak, Guardia Zibila eta judikaturako hainbat sektore dira dinamika honen bultzatzaile. Helburua, esan bezala: aldaketa eragoztea bai hemen, Katalunian eta Estatu osoan.

Beraz esan bezala, argi dugu Estatu autokolpe honen ondorioak euskal herritarrok pairatuko ditugula, baina hein berean Herri Katalanek zein Estatuko herri klaseak pairatuko dituela argi dugu.

Ukazioa eta errepresioa soilik eskaintzen duen estatua eta bere euskal sukurtsalen aurrean, independentziarako aldebakarreko bide propioa egitearen hautua egin dugu. Horregatik jarri dugu mahai gainean Euskal Bidearen proposamena. Badago bide posible bat gure eskubideen bermera eramango gaituena eta herri gisa erabakitzera eramango gaituena.

Aurrera begiratzeko garaia da: Alternatiba bakarra independentzia da. Eta horretarako indarrak bildu behar dira guztion artean bide propioa definitzeko eta herri honen askatasunerako grina azken muturreraino eramateko. Izan ere, eta ideia hau azpimarratu nahi dugu, Estatuak ez du eta ez du izango agenda demokratikorik. Estatua espainiarraren baitan, euskal herritarrok ez dugu sekula bakerik izango.

Euskal herritarrok inposaketarik gabe, Guardia Zibilik gabe, bortxakeriarik gabe, mehatxurik gabe, beldurrik gabe bizitzeko eskubidea daukagu eta Sortu-ren konpromisoa helburu horiekiko inoiz baino tinkoagoa da.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.