Otsailaren 13an beteko dira 34 urte Joxe Arregi zizurkildarra polizia espainiarraren eskuetan jasandako torturen ondorioz hil zela. Geroztik, torturaren praktika salatzeko eguna da otsailaren 13a eta aurten ere, zoritxarrez, torturaren praktika salatu eta berau bermatzen duten salbuespenezko neurrien amaiera exijitzeko mobilizatu beharra dugu.
Horrela bada, otsailaren 13an torturaren erabilpena salatzeko ekimenak burutuko dira Euskal Herriaren luze zabalean. Horien artean, ostiralean Iruñeko udal plazan egingo dena eta gaur aurkezten dugun ekitaldia, "Tortura: Euskal Herriaren aurkako estatu tresna" lelopean larunbatean eguerdiko 12:00etan Basauriko udal pilotalekuan egingo dena.
Ekitaldi honen bidez Sortuk salatuko du tortura Estatuaren gerra estrategiaren oinarrizko tresna izan dela, era sistematikoan eta inpunitate osoz erabilia izan dena. Torturaren erabilpena ahalbidetu dute hamarkadetan zehar Estatuko indar politiko nagusiek, indar errepresiboek eta salbuespen legediek.
Batzuk zalantzan jartzen dute oraindik torturaren existentzia bera, edo kasu isolatu batzuetara mugatzen saiatzen dira. Errealitatea eta azken hamarkadotan pairaturiko erabat desberdina da eta horren adibide da aurreko astean Eusko Jaurlaritzan aurkezturiko txostena. Eusko Jaurlaritzak 3.587 tortura salaketa erregistratu ditu ikerketaren lehen erroldan eta hau hasiera baizik ez da. Torturaren negazionisten artean ere bada tortura Frankismo garaiko zerbait dela dionik, "demokrazian" desagerturikoa. Datuek ere argi diote, kasu frogatu gehiago daude 2000. hamarkadan 70. hamarkadan baino.
Horrela bada, tortura kasurik eta eskubide urraketarik berriro eman ez dadin, salbuespen legediak eta tortura ahalbidetzen duen inkomunikazioa bertan behera uztea ezinbestekoa jotzen du Sortuk eta era berean, eskubide urratzaile baino ez diren indar errepresiboak Euskal Herritik alde egitea.
Azkenik, torturaren erabilpena salatzeko deituriko ekimenetan parte-hartzeko deia luzatu nahi dugu eta bereziki, larunbatean Basaurin egingo den ekitaldian parte-hartzera.