Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskal Nagusiak sei urteko espetxe zigorra eta enplegu edota kargu publikorako inhabilitazio berezia eskatu ditu Sortuko presidentea eta EH Bilduko parlamentaria den Hasier Arraizentzat.
Eskaera berri hau guztiz onartezina da; Calparsorok espetxea eta bestelako neurriak eskatzen ditu Hasier Arraizek burutzen duen lan politikoa bideraezin bihurtzeko.
Fiskal Nagusiaren eskaerak agerian uzten du herri honetan militante politikoak oraindik mehatxatu egiten direla burutzen duten lanagatik. Epaile, fiskal, Gobernuaren delegatu eta kolore ezberdinetako poliziek euskal herritarrak mehatxatzen eta xaxatzen jarraitzen dute espetxe eskaera, espetxeratze, kontrol eta segimenduen bidez.
Azpimarratu nahi dugu Ezker Abertzalea politikan ari dela erabateko desabantailan. Ez dago baldintza berdintasunik aukera politiko guztientzat; faltsua da ideia guztiak berdintasunean defenditu daitezkeela dioen esamoldea, Estatuak independentistak erasotzen jarraitzen duelako etengabean. Sortuko militanteak, Ernaiko gazteak, eta sumario politikotan diren dozenaka inputatuak (04/08, Askapena...) Estatuaren etengabeko mehatxupean aritzen dira militantzia politikoan.
Oinarrizko askatasunen murrizketek ez dute inoiz inongo zentzutik izan, baina are gutxiago garai politiko berri honetan. Momentua da ideien pertsekuzioarekin bukatzeko; garaia da epai politikoekin amaitzeko; nahikoa da Espainiako gobernuaren aginduetara dagoen Justizia Administrazioa jasan behar izatearekin.