Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak berriz ere erabakiko du bihar beste bi euskal herritarren etorkizuna eta, emandako doktrina kontutan hartuta, pentsatzekoa da berriz ere askatasunaren kontra eta Europak emandako irizpideen kontra egingo duela.
Izan ere, Europako arauak agintzen duena delako Estatu ezberdinetako zigorrak batzea eta presoek beraien etxeetatik ahalik eta hurbilen betetzea beraien zigorrak. Bistan dago, Estatu espainiarra kontrako norabidean doala. Giza eskubideen kontrako norabidean berriz ere.
Giza eskubideen kontra eta justiziaren kontra ere, guztiz bidegabea delako preso bati bere zigorra bitan betearaztea. Eta hori da kasu zehatz hauetan, Alberto Plazaola zein Santiago Arrozpiderekin egin nahi dutena, beste hainbeste ondoren etorriko direlarik. Ez dute itxoin nahi ere Luxenburgeko Tribunalak ebatzi arte jada Auzitegi Nazionalaren hirugarren sekzioak planteatu duen aurretiko kuestioa. Badaezpada ere, noski!
Parot Doktrinarekin geunden moduan, ziur baino ziurrago gaude Giza Eskubideen Estrasburgeko Tribunalak maniobra ziztrin hau atzera botako duela, ez badu, aipatu bezala, lehenago zuzentzen Luxenburgeko tribunalak berak. Baina horrek denbora eramango du, noski, eta bitartean pertsona hauek, zuzenbidearen kontra bada ere, espetxean jarraitu beharko dute, beren zigorra baino gehiago betetzera kondenatuta.
Doktrinak asmatu eta martxan jartzea, zigor bat bitan betearazteko preso bati mendeku doilorra besterik ez dela azpimarratu nahi dugu, presoak babesgabeago daudela eta are babesgabeagoak beraien defentsa juridikoa atxilotu eta baldintzatu dutelarik.
Estatu espainola ez da, inondik inora ere, zuzenbide estatu bat, eta argiki uzten ari da. Ageriko prebarikazioa, mendekua, oinarrizko eskubideen bortxa, espetxe politika kriminala, horiek dira estatu espainoleko egunerokoak. Bere egitate guzti guztien minberak.
Estatuak herri hau mesprezatu nahi du, bake aukera guztiak erasotu nahi ditu, benetako bakearen etsai moduan agertuz, eta erresoluzio prozesua zartatu nahi du. Eta hau, estatu bateko gobernu baten partez, zinez larria da. Oso larria.
Baina ezin gara tranpan erori. Ezin gara demokrazia ere zer den ez dakien estatu baten tranpan erori, ezin gara estatua zuzentzen duten sekurokraten tranpan erori, Larunbatean BECen gure bide propioa egiteko deialdi ozena egin genuen, gure indarrekin, gure jendearekin gure herriarekin. Estatuak ez du deus guri eskaintzeko, beraz guk geuk egin behar dugu askatasunera eta justizia sozialera eramango gaituen bidea.
Azkenik, bihar 19:00etan Oñatiko plazan hasiko den manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.