Alberto Plazaola eta Santiago Arrozpide kaleratzea baliogabetu berri du Auzitegi Goren espainiarrak. Erabaki erabat injustua izateaz gain, arau europarraren aurkakoa ere bada.
Auzitegi Gorenaren erabakiak pertsona batek delitu berberagatik bi zigor betetzea suposatzen du, lehenago Frantzian eta gero Estatu espainiarrean.
PPren mendeku politikaren zerbitzura harturiko erabaki judizial bat da honakoa. PPrentzako dena da zilegi, legeak ad-hoc asmatzetik eta segurtasun juridikoa ezabatzeraino. Erabaki honekin, Auzitegi Gorena PPren zerbitzura dagoen tresna gisa kokatzen da, etsaiaren zuzenbidea eta mendekuzko justizia aplikatzeko.
Ziur gaude Giza Eskubideen Estrasburgeko Tribunalak maniobra ziztrin hau atzera botako duela, ez badu lehenago zuzentzen Luxenburgeko tribunalak berak. Baina horrek denbora eramango du, noski, eta bitartean pertsona hauek, zuzenbidearen kontra bada ere, espetxean jarraitu beharko dute, beren zigorra baino gehiago betetzera kondenatuta.
Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko, Sortuk elkarretaratzea deitu du gaur, 19:00etan Oñatiko Herriko Plazan.