ALBISTEAK

Azken garaiotan, Sortu gatazka politikoaren ondorioei konponbidea emateko aldebiko konpromisoa lortzen saiatu da EAJrekin. Sortuk, bien artean harturiko konpromisoak eta urratsak egin nahi ditu. Hori izan da EAJri zuzenduriko dokumentuaren helburua.

Sorturen iritziz, salagarria da dokumentua mahai gainean edukita, Ortuzarrek astelehenean irrati publikoan Ezker Abertzalearekiko gai horietaz interpelazio publikoak egin izana.

Egoera politikoak guztiok konpromisoak hartzea eta arduraz jardutea eskatzen du, ez gainontzekoei etxeko lanak exijitzea. Zentzu honetan, Ezker Abertzalea EAJk nahi duen posizio eta terminologiara eramatea ez da akordioa, inposizioa baizik. Sorturen dokumentuarekiko EAJk dituen desadostasunak emendakinen bidez edo testu alternatiboa aurkeztuz mahai baten bueltan hitz egin beharreko kontuak direla deritzogu.

Elkarrizketak mantentzea da Sorturen borondatea. Desadostasunak desadostasun, Sortuk ez du gatazkaren ondorioei konponbidea emateko jardunean etsiko, egun ematen diren eskubide urraketa larriek urgentziazko neurri eta konpromisoak eskatzen dituztelako.

Elkarrizketa eta akordio politikoa bidea direlakoan, EAJrekin hartu emanean jarraitzeko borondatea mantentzen dugu. Sortuk ez dizkio elkarrizketari eta akordio politikoari ateak itxiko. Ahaleginean jarraituko dugu, Euskal Herriak behar dituen akordioak erdietsi arte.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.