Balizko akordioak erdiesteko baldintza bezala salaketarik edo ikerketa batzorderik ez eratzea jarri zuen atzo EAJko presidente Andoni Ortuzarrek. Honakoa da gaiaren inguruan Sortuk duen iritzia:
Badirudi, EAJk bere jokabide irregularrak eta bere praktika ustelak ezkutatzeko, isilarazteko eskatzen digula gatazkaren ondorioak konpontzeko akordioen truke.
Sorturen iritziz, gatazkaren ondorioak konpontzeko konpromisoek, eta bide horretan sor daitezkeen akordioek, ezin dute trukerako merkantzia izan, alegia, ez dute preziorik.
Sortuk alor horretan akordioak nahi baditu ere, ez du balizko akordio baten truke jokabide ustel ala irregularrik isilaraziko. Gure leialtasuna herritarrekiko da eta beraz, halako kasu oro salatuko dugu.
Sortuk gatazka politikoaren ondorioak konpontzeko bidea Euskal Herrian bertan alde anitzen arteko konpromisoak hartzea dela berresten du.
Norabide horretan Sortuk prest jarraitzen du bide hori egiteko borondaterik duen eragile ororekin elkarlanean aritzeko.