Gaurko operazio polizialak atzo Bruselan martxan jarri zen ekimenaren beharra eta garrantzia, eta azken finean egiten dugun hausnarketa baieztatzen du: espetxe politika Euskal Herrian konponbide agertoki bat egonkor ez dadin Estatu espainiarrak duen tresna nagusia da.
ETAk jarduera armatua amaitutzat eman zuenetik espetxeetako egoera okerrera baino ez du egin. Konponbide prozesua lehertu nahi du PPk gaurkoa bezalako operazioen bidez.
Espetxe politika deliberatuki okertzeaz gain, euskal preso politikoei sustengu politikoa, soziala, ekonomikoa zein osasun arreta izan ditu jo-puntu PPren beso armatua den Guardia Zibilak: Herrirako kideak, bitartekaritza taldekoak, abokatuak, Etxeratekoak, Jaiki Hadikoak izan dira atxilotuak eta hainbat espetxeratuak.
Gaurkoan atxilotuak izan dira presoei sostengu medikua eskaintzen dieten lagunak; beharrezkoa da presoei sostengu medikua eskaintzea espetxe barruko arreta eskasa delako, desegokia, berandu emana eta kasu asko eta askotan propio ukatua presoak fisiko eta psikikoki deuseztatzeko. Espetxeak eman beharko lukeen arreta medikua euskal presoen kontrako eraso-tresna politiko gisa erabiltzen du Espainiako gobernuak behin berriro ere bere izaera gupidagabea eta krudela erakutsiz.
Madrilek ez du jasaten euskal presoekiko elkartasunik inon ematea; bereziki hemen, jakina, baina erakusten ari da ere Europan egiten ari den salaketak eta erakusten den euskal presoekiko elkartasunak bereziki egiten diola min. Ezin dugu ahaztu atxiloketa berri hauek gertatu direla Urkullu lehendakariak Etxerati egindako harrera eta gero; Etxerateko kideek europarlamentuan egindako harremanen ondoren eta baita ere atzokoan Bruselan aurkeztutako ekimenaren ondoren. Espainiako gobernuaren posizioa espetxe politikari dagokionean ez du inork babesten Espainiatik kanpo eta atzokoa horren isla izan da.
Atzokoan Bruselako adierazpenaren 5. urtemuga bete zen. Mundu osoko Nobel sariak bildu zituen Bruselako adierazpenak mugarri garrantzitsua suposatu zuen erresoluzio prozesuaren garapenean eta gerora etorriko ziren beste ekimen batzuetan lehenetarikoa izan zen nazioarteko komunitatearen aldetik.
Garrantzitsua da beraz hori gogora ekartzea atzo Bruselan bertan aurkeztu zen adierazpenaren testuingurua kokatzeko; nazioarteko komunitatea paper garrantzitsua jokatzera deituta dago euskal gatazka politikoaren erresoluzioan eta beraz, Arnaldo Otegi eta gainontzeko euskal preso politikoen aldeko adierazpenak behin berriro ere azpimarratzen du momentu honetan erresoluzio prozesuaren lehentasuna non kokatzen den: euskal preso politikoen sakabanaketa eta urrunketarekin bukatzea beharrezkoa da presoei eta familiei dagozkien eskubideak errespetatuak izan daitezen eta bake prozesua norabide egokian jartzeko, eta prozesu hori azken muturreraino eramateko presoen baldintzapeko askatasun aurreratutako programa bat. Eta hori da atzoko adierazpena esatera datorrena.
Bruselako atzoko adierazpenaren edukiarekin bat egiten du Sortuk; esan bezala, bake prozesuaren bideragarritasunean presoen eskubideen errespetua ezinbestekoa da. Presoen egoera ezbidezkoa irudikatzeko Arnaldo Otegiren figura aukeratu dute eta ongi egin dute, 400 pertsona baino gehiago pairatzen duen egoeraren esponentea delako.
Adierazpenak mahaigaineratzen du berriro ere nazioarteko komunitateak gertutik jarraitzen duela bake prozesuaren garapena; interesa duela gatazkaren konponbidean, eta horren ondorioz jarrera aktiboa nahi duela eduki Espainiako gobernuaren posizio ankerra salatzerakoan zein oinarrizko eskubideen errespetua eskatzerakoan.
Adierazpenak ez du posizio politiko baten edo besteren alde egiten; bakearen beharrean eta eskubideen errespetua eskatzean kokatzen da eta hori gure ustez guztiz zuzena eta txalogarria da.
Ulertezina da nazioarteko komunitatearentzat Espainiako gobernuak darabilen jarrera. Urteak direnean ETAk borroka armatua bukatzeko hartutako erabakitik eta herri honetan bake prozesu bat martxan jarri denetik, Espainiako gobernuak ez du urrats positiborik eman; aldiz, mendeku gosean oinarritutako espetxe politika are bortitzagoa dauka indarrean eta espetxeak betetzen jarraitzen du izaera politikoa daukaten makrosumarioak sustatzen.
Bruselako adierazpena errealitate hori azpimarratzera dator eta nazioarteko komunitatearen adierazlea da; espainiar estatutik kanpo inor ez du ulertzen PPren gobernuak bakearen etsai gisa darabilen politika; adierazpenaren bidez horrekin bukatzeko eta garai berri bati hasiera emateko eskatzen zaio.
Horrekin batera, azpimarratu nahi dugu sinatzaileen mailak erakusten duela euskal herritarrak ez gaudela bakarrik bakea eta demokraziaren eskakizunean Espainiako gobernuaren aurrean.
Sinatzaile guztiak pertsona konprometituak dira giza eskubideekin, herrien eskubidean tartean diren gatazken erresoluzioarekin eta oso izen ezagunak dira mundu mailan ordezkatzen duten duintasun eta tinkotasunagatik justizia, bizikidetza eta bakearen aldeko jardunean.
Sinadura kualitatibo horiek erakusten dute nazioarteko komunitatearen kezka dela euskal gatazkaren konponbidea eta beraz euskaldunon ardura nagusia bada ere hori guztia, prest dagoela jende asko munduan zehar, esku bat botatzen jarraitzeko eta euskaldunon merezi ditugun bakea eta oinarrizko eskubideen defentsan gurekin batera aritzeko.
Eskerrik asko adierazpenaren sinatzaile diren guztiei; benetan apreziatu egiten dugu hartutako ekimena.