Gaurkoan hainbat hedabidek dakartenaren arabera, EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak delitu zantzuak ikusten ditu urtarrilaren 12an Guardia Zibilak eginiko operazioa salatzeko Hasier Arraizek eginiko adierazpenetan eta beraz, ez du egingo "Dignidad y Justicia" talde ultraeskuindarrak aurkeztutako salaketa tramiterako onartzearen kontra. Horren aurrean, Sorturen iritzia honakoa da:
• Azken urteotan behin eta berriro agerian geratu den moduan, euskal herritarrok pairatzen dugun indarkeria bakarra Estatu espainiarrarena da eta bereziki, Estatu espainiarraren izaera egokien ordezkatzen duen Guardia Zibilarena.
• Oroitarazi behar dugu zer testuingurutan eman zen urtarrilaren 12an polizi operazioa: bi egun lehenago, dozenaka milaka lagunok Bilboko kaleak bete genituen euskal preso politikoei dagozkien eskubideak aldarrikatzeko eta bereziki sakabanaketa politika ankerrarekin amaitzeko.
• Urtarrilaren 12an, "Mate" deituriko operazioan, 16 lagun atxilotu gintuzten, tartean 12 abokatu. Atxilotuetako hiru, Jon Mintegiaga, Fran Balda eta Javier Carballido, espetxean daude geroztik. Hortaz gain, Sarek deituriko manifestazioan herritarron egindako 90.000 euroko ekarpen ekonomikoa ebatsi zuen Guardia Zibilak. Antza, Guardia Zibilak zilegi du abokatu zein presoei sostengu soziala, ekonomiko edo politikoa ematen diogunei "xake mate" egitea.
• Testuinguru horretan eta Sorturen Kontseilu Nazionalak eginiko agerraldian, Guardia Zibilak operazioari jarririko izena baliatuz egin zituen Arraizek delitu omen diren adierazpenak.
• Estatu espainiarrak gatazka politikoa betikotzeko egindako apustua nabarmena da. Horren adibide dira espetxe politika kriminala, epaiketa eta inputazio politikoak eta indar polizial ezberdinek kontrol, mehatxu eta jarraipenen bidez egiten duten jazarpena. Estatuaren apustu horretan, funtsezko tokia du Guardia Zibilak. Are eta gehiago, Guardia Zibila bera da Gobernua presionatzen duen botere faktiko nagusia, Euskal Herrian errepresioa eta ukazioa manten du eta gatazka politikoari inolako aterabiderik ez emateko. Zentzu horretan, gure aldarria argia da: Guardia Zibilak behin betiko eta inolako baldintzarik gabe alde egin behar du Euskal Herritik.
• Errepresioaren aldeko hautuak ordea, ez du errealitatea ezkutatzen: Hitza soilik erabiltzen dugunak etengabe jazartzen gaituen Estatua, politikoki garaitua dagoen Estatua da.
• Espainiaren proiektuaren barruan euskal herritarrok ez dugu aukera bat bera ere ez: ez bakean bizitzeko, ez gure oinarrizko eskubide zein askatasunak libreki garatzeko ezta herri gisa biziraungo dugula bermatzeko.
• Ukazioa eta errepresioa soilik eskaintzen duen estatua eta bere euskal sukurtsalen aurrean, independentziarako aldebakarreko bide propioa egitearen hautua egin dugu