Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da gaurkoa. Agur beroa igorri nahi diegu munduan zehar barreiatuta diren preso politiko guztiei, eta bereziki euskal preso politiko guztiei eta banan banan ere, besarkada handia luzatu nahi diegu.
Preso politikoei izaera politikoa ukatzea da joera munduko toki guztietan. Euskal Herriko kasuan, euskal presoak politikoak dira militante politikoak izateko erabakia hartu zutelako, arrazoi politikoak tarteko delituak leporatu zaizkielako eta legedia arruntetik harago doan legedi berezia aplikatzen zaielako irizpide politikoak oinarri. Balorazioak balorazio, euskal presoen izaera politikoa ukatzea errealitatetik kanpo aritzea da.
Euskal presoen egoerak okerrera jo du orokorrean azken urteotan. 2011tik ETAren erabakia tartean den arren Estatu espainolak muturtu egin du bere posizioa bai irakurketa politikoari dagokionean zein euskal presoei ezartzen zaien politikari dagokionean. Sakabanaketak, isolamenduak, gaixorik diren presoen baldintzak okerrera baino ez dute egin. Eta espetxetik kanpo ere, euskal preso politikoei sustengu juridikoa zein politikoa eta soziala ematen diotenen aurkako jazarpena hazi besterik ez da egin.
Egoera honek konponbidea behar du konponbide prozesuaren testuinguruan. Bakearen eraikuntzak exijitzen du presoen gaiari heltzea eta soluziobidean jartzea.
Euskal preso politikoek hausnarketa egin eta erabakiak hartu zituzten Euskal Herriko testuinguru politiko berrian kokatzeko eta beren egoerarako konponbidea erraztu aldera: espetxe legalitatea erabiltzea erabaki zuten eta banan banan agertu espetxe instituzioen aurren euskal herriratzea eta oinarrizko beste eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatzen.
Erantzuna ezezkoa da dakigunez, eta horrela erakutsi digute estatua prest dagoela bere legalitatea bera ez betetzeko euskal presoen kontrako mendeku zentzugabe eta krudela aplikatzeko helburuz.
Eta berdina esan dezakegu zigorren betetze bikoitzen aferari dagokionean. Estatuak erabaki du Entzutegi Nazionalari bidea moztea Luxenburgoko auzitegian inongo argipenik eskatu ez dadin; arrazoi nagusi batengatik, bazekielako Parot Doktrinaren mailako egurra bazetorkiola.
Guk uste dugu hau guztia aldatzea badagoela. Eta ez dugu inondik ere lotzen Madrileko gobernuaren kolorea aldatzearekin, ezin dugu balizko eta balego horien zain geldirik geratu behintzat. Eta Madrilen jarrera aldatu dadin hemen Euskal Herrian egin daitekeen guztia egin ez delakoan gaude.
Pentsatzen dugu euskal presoen euskal herriratzearen aldeko aldarria eta espetxe politikaren aldaketaren eskariak jendarteak bere egin dituen aldarrikapenak direla eta zentzu horretan zabal eta gogoz mobilizatu da bere iritzia jakinarazi eta mugimenduak eskatu aldera. Nazioarteko esparruan ere "Free Otegi. Free them all" kanpaina Euskal Herritik kanpo ere euskal preso politikoen egoeraz dagoen arduraren adierazle da. Baina euskal esparru politikoa ez da oraindik iritsi jendarteak markatu dion exijentzia mailara euskal preso politikoen eskubideak babestu aldera egin beharreko lanari dagokionean. Eskubideen defentsak eskatzen du horren aldeko posizio izatea eta ahalik eta indar gehien egin ahal izateko akordiotara iristea konponbidea eta bakea helburu dauzkagunon artean; eta akordio horiek guztiak esparru sozial guztietara bueltatzea eta baita instituzioetara ere. Eta hor esan bezala lan handia dago oraindik egiteko. Hortik jo behar da gure ustez ahalik eta eraginkorren aritzeko eta guk jarraituko dugu insistitzen Madrilen itxikeriaren aurrean Euskal Herrian eman behar zaiola indar politiko, sozial eta instituzionala euskal presoen eskubideen defentsa lanari.
Norabide horretan, gure atxikimendu osoa adierazi nahi diegu asteburu honetarako Sare ekimenak antolaturiko hamarna mobilizazioei. Ezinbestekoa da kalean ere euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioa indartzea.
Hasieran esan bezala, munduan zehar barreiatuta diren preso politikoak agurtu nahi ditugu, bereziki euskal preso politikoak, etxera ekarriko ditugula konbentzimenduan.