Behin berriro ere, Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Espainia zigortu du tortura salaketak ez ikertzeagatik; oraingoan Patxi Arratibelek jarritako salaketaz eman du epaia. Behin berriro ere diogu, ez delako Espainiak tortura babesteagatik jaso duen aurreneko zigor-epaia eta zoritxarrez ez da azkenekoa izango.
Zigor-epai honek agerian uzten du Estatu espainolak torturarekin izan duen eta daukan jarrera lotsagarria. Tortura ez da "polizia baten gehiegikeria" baizik eta Estatuak kontrol sozial eta politikoa gauzatzeko erabili ohi duen tresna krudel eta arbuiagarria. Estatu espainolak ez dauka inongo arazorik tortura erabili dadin eta giza eskubide oinarrizkoenak gogoz zapaltzeko baldin eta bere interes politikoak sustatzeko eta inposatzeko baldin bada. Hori izan da historikoki ezagutu dugun errealitatea eta horretan ere badatza oraindik erabat desagertu ez den Estatu bortxakeria.
Urtetan eman diren milaka tortura salaketak norabide horretan kokatzen dira. Horrek gure ustez are nabarmenago uzten du bakea lortzea eta sendotzea helburu duen konponbide prozesu baten testuinguruan "Egiaren batzordea" moduko bat martxan jartzeko dagoen beharra; euskal gizarteak eskubidea duelako gertatutakoaren berri izateko, torturaren biktimei aitortza eta erreparazioa zor zaielako, eta batez ere inor berriro ere torturatua izan ez dadin orain arteko egia osoa ezagutzea beharrezkoa delako antidoto gisa.
Euskal gizarteak jakin badaki Estatu espainolak erantzukizun agerikoa duela tortura modu sistematikoa erabili duelako atxilotu politikoen aurka gogoz kontrako aitorpenak erdietsi eta baita herritarren artean izua zabaltzeko ere. Estatu espainolak ardura horiek aitortu egin behar ditu egiari bide eginez eta horretarako oso komenigarria litzateke hasteko torturapean lortutako autoinkulpazioak eta horietan oinarrituta indarrean mantentzen diren epaiketa politiko eta sumarioak indargabetzea, aste honetan Iruñeko hainbat gazteren kontra Auzitegi Nazionalean burutzen ari denaren kasuan bezala esate baterako.