ALBISTEAK

Hasier Arraiz auzipetzea erabaki du EAEko Auzitegi Gorenak eta horren inguruan, honakoa adierazi nahi du Sortuk:

Lehenik eta behin, Arraiz auzipetzeak oinarrizko eskubidea den adierazpen askatasunaren urraketa bat da. Estatu espainiarrean, eskema ideologiko espainiarretik edo inposatu nahi diguten eredu ekonomiko edo moraletik kanpo kokatzen diren iritziak jazartuak eta kriminalizatuak dira.

Egun iritzi publikoak jazartzen dira, Hasier Arraiz edo gaur Entzutegi Nazionalean epaituriko Ernaiko kideak kasu.

Politika disidentearen judizializazioaren aurrean gaude; Estatu espainiarrean disidentzia politikoa jazartzen dute erakunde judizial zein polizialek.

Nabarmendu behar dugu ere Guardia Zibila eta bestelako indar errepresiboak ez direla agindu judizialen betearazle soilik, bere ohiko jarduna da adierazpen askatasuna zein antolakuntza eta bilkura eskubideak urratzea; pertsonen mugimenduak zein antolakunde politikoen jarduna zelatatzen dute.

Hasier Arraizen auzipetzea "eragin" duen mezua oroitu beharrean gaude, izan ere, Guardia Zibila eta Entzutegi Nazionala salbuespenezko tresnak dira, eskubideen ikuspegitik erabat kaltegarriak. Gure iritziz, salbuespenezko tresna hauek desagertu egin behar dute, giza eskubideen errespetuan oinarrituko diren polizi eta justizia eredu bati ekiteko.

Gure iritziz, Guardia Zibilak zein salbuespenezko auzitegiek Euskal Herritik alde egin behar dutenarekiko adostasuna oso oso zabaldu eta errotua dago euskal jendartean.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.