Miarritzetik iritsi den albisteari buruzko informazio zehatzik ez dagoen arren, badirudi bi pertsona atxilotuak izan direla, ETAren armagabetze prozesuarekin loturik.
Horrela balitz, hori bide okerra dela adierazi nahi dugu, ekinbide okerra da.
Egoera da ETAk adierazia duela arma eta biltegien zigilatze prozesua aurrera doala eta ETA berak behin eta berriro egin diela enplazamendua gobernu espainiar eta frantziarrari armagabezte eskema bat adosteko. Gaurkoa adibide, Espainiak eta Frantziak uko egiten diote gure iritziz zentzuzkoa den enplazamenduari erantzuteari, bide polizialari eutsiz.
Sorturen iritziz zentzugabea da bide polizialari eustea borondate politikoarekin behin betiko soluzioak lor daitezkenean. Kriterio politikoa behar da, armagabetzea era egoki eta sinesgarrian egin ahal izateko. Hori da arlo horri dagokionean bake eta normalizazio politikoaren aldeko hautua egiteko modua.
EH Bilduk gai honi dagokionean duen proposamenaren edukiak ekarri nahi ditugu gaur gogora:
- Babes sozial, politiko eta instituzionala izango duen Armagabetze Batzorde Independentea.
- Armagabetze Batzorde Independenteak garaturiko armategien deusezte prozesu kontrolatu, ordenatu eta adostua.
Armagabetze prozesua era egokian gauzatzeko baldintzak badaudela uste dugu, herri gisa gal ezin dezakegun aukera baten aurrean gaudela deritzogu baina gaur Miarritzen gertaturikoak armagabetze eraginkor bat oztopatu baino ez duela egiten uste dugu.