Entzutegi Nazional espainiarrak baztertu egin du euskal preso politikoek beste estatu batzuetan betetako zigorrak aintzat ez hartzeaz Luxenburgoko Auzitegiari galdetzea.
Sorturen iritziz salbuespenezko espetxe politika baten inguruko salbuespenezko auzitegi baten erabakiaren aurrean gaude. Salbuespenezko auzitegiaren erabakiaren oinarrian bidegabekeria, mendekua eta neurrigabekeria daude.
Hainbat euskal preso politikoren zigorrak ilegalki luzatzea erabaki du Entzutegi Nazionalak, jakin badakien arren Giza Eskubideen Estrasburgoko Tribunalak maniobra hau atzera botako duela, Horrek, ordea, denbora eramango du eta bitartean pertsona hauek, zuzenbidearen kontra bada ere, espetxean jarraitu beharko dute, beren zigorra baino gehiago betetzera kondenatuta.
Zigor bat bitan betearazteko doktrinak asmatu eta martxan jartzea, sakabanaketa, isolamendua, larriki gaixorik dauden presoen egoera... mendekuan oinarritzen den espetxe politikaren adibide dira, PPk Euskal Herriaren aurka eta gatazkaren konponbidearen aurka erabiltzen duen politika.
Horrela bada, bakearen ezinbesteko baldintza den euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko dinamika eta borroka indartzeko deia luzatzen du Sortuk, kale mobilizazioa indartuz.