Auzitegi Goren espainiarrak erabaki du baliorik ez ematea epailearen aurrean berresten ez diren polizia-aitorpenei. Aspaldi hartu beharreko erabakia da, berandu datorrena oso.
Zenbat euskal herritar daude espetxean polizia etxeetan egindako deklarazioetan oinarrituta? Are gehiago, aitorpen horiek kasu gehienetan torturapean egin izan direnean.
Honi zera gehitu behar zaio, atzo bertan Argentinako medikuek mediku forenseen jarrera tortura kasuen aurrean ezbaian jarri izana (Asociación Médica Mundial). Ileak tente jartzeko moduko kontu batetaz ari gara; hainbat mediku forenseren balizko jarrera laguntzailea torturarekiko.
Iruditzen zaigu, neurri berri honi inongo sinesgarritasunik eman nahi bazaio behintzat lehenik eta behin torturari bide ematen dion inkomunikazioarekin bukatzea ezinbestekoa dela; eta bigarrenik, zirkunstantzia horietan preso dauden pertsonen epaiak lehenbailehen errebisatu beharko liratekeela. Epailearen aurrean polizia-etxetan egindako aitorpenak berretsi ez dituzten presoak eta baita aitorpenak torturapean egindakoak lehenbailehen, berehala libre utzi beharko liratekeela uste dugu.
Honen guztiaren atzean, euskal independentismoaren kontrako estrategian salbuespenezko neurrien aplikazioa baino ez dago (inkomunikazioa eta torturaren erabilera batetik, eta aitorpen polizialei balioa ematea).
Eta ildo honetan ere kokatu behar dira ere Santiago Arrozpide eta Iñaki Goioagaren kontrako jazarpenak. Lehenengoaren kasuan Santiago Arrozpideri ezarritako espetxe zigorrak PPren mendeku politikaren zerbitzura harturiko erabaki judizial bat da, izan ere, PPrentzat dena da zilegi legeak ad-hoc asmatzetik segurtasun juridikoa ezabatzeraino. Sententzia honekin argi geratzen da Auzitegi Nazionala PPren zerbitzura dagoen tresna juridikoa dela mendekuzko justizia aplikatzeko. Eta bigarrenaren kasuan, euskal presoen defentsarako eskubidea da zigortu nahi dena (bestelako aitzakiak tarteko). Horretarako euskal presoen abokatuen kontrako sorgin ehiza hasi zuten eta jazarpen horren beste adibidea baino ez da. Euskal presoen aldeko ekimen oro kriminalizatzea eta zigortzea baino helburu ez duen neurriak dira.
Insistitzen dugu ideia horretan: salbuespenezko legedi eta prozedurak bertan behera utzi behar dira, bereziki torturari bide ematen dion inkomunikazioa eta berarekin batera espetxe politika orokorrean, presoen sakabanaketa barne. Hau izango litzateke ez bakarrik bakebidea sendotzeko modurik eraginkorrena, baizik eta justizia sistema frankismotik aldendu eta demokrazia europarren minimoetara hurbiltzeko urratsik beharrezkoena.