ALBISTEAK

Alderdien Legearen aplikazioan eta ideien ilegalizazioan oinarri duen zigor-epai politiko baten aurrean gaude.

Estatuak denetariko tresnak erabili egin ditu euskal independentismoaren kontra, besteak beste gerra zikina, parapolizialak eta salbuespeneko legediak; alderdien legea eta alderdien ilegalizazioa azken horien baitan kokatu daitezke eta aurreko neurri horiek guztiek bezala huts egin duten beren helburuetan.

Ezker independentismoaren proiektu politiko zilegiaren alde eta ilegalizazio erabakien aurrean beren eskubideen erabilpena egin zuten milaka herritarretako batzuk epaitu dituzte 35/02 izeneko sumarioan.

Epaiketa horretan epaituek eta beste herritar askok duten hautu politikoa ordainarazi nahi dute.

SORTUko militanteok harro gaude ilegalizazio garaian euskal herritar askorekin batera Ezker Abertzalearen proiektu independentistari eutsi izanagatik. Milaka askok baldintza zailetan eutsi geniolako Ezker Abertzale indartsu eta zabala daukagu orain; eta lan hori egin zelako kapazak izan ginen Euskal Herria osoan garai politiko berria irekitzeko hausnarketa eta lan politikoa burutzen.

Epaiketa politikoek ez dute inoiz justifikaziorik izan eskubideen defentsatik eta jarrera demokratiko batetik; are gutxiago orain gatazkaren erresoluziorako prozesu bat irekita dagoenean eta normalizazio politikorako aukerak errealak eta nabarmenak direnean.

Euskal herritarrek epaiketa politikoak errefusatzen dituzte eta demokraziaren, oinarrizko askatasunen eta garai berrien kontrako tresnatzat hartzen dituzte.

Epaituek beren eskubideen erabilpena egin zuten ideia batzuen defentsarako eta ideia horiekin identifikatzen zen/den esparru soziopolitikoa ordezkatzeko.

Ezker Abertzalea den esparru horrek egun ordezkaritza legala dauka alderdi baten bidez eta hauteskundeetan lehiatzen du EHBildu koalizioaren baitan herri babesa zabala lortuz.

35/02 sumarioaren epai honetan independentismoa eta ilegalizazioaren ankerkeriari aurre egin izana zigortu da. Eta horrela, Ezker Abertzaleari faktura pasa egindako hautuagatik eta alternatiba independentista eta ezkertiar gisa etorkizunari begira duen potentziala higatu eta erasotu nahian. Alternatiba politiko herritarra hegemonikoa izatera ez iristea bilatzen dute gu kolpatuz. Azken finean euskal herritarrak noizbait beren buruaren jabe izatea ezinezko egin nahi dute eta horretarako Ezker Abertzalea da duten oztopo nagusietako bat.

Dakizuenez, zigor-epaiak 107 Herriko Tabernaren inkautazioa ebatzi du. Gaurkoan Gorenak eman duen epaian 36ko gerratik honakoan jazarpen politikoagatik eman den jabego konfiskaziorik handiena konfirmatzen da. Konfiskazioaren larraitasuna lokalen balio ekonomikotik harago doa, zilegia den aktibitate politiko alternatibo eta legala aurrera eramateko bitartekoak ari zaizkigulako indarrez kentzen. Eta gainera honi gehitu behar zaio hamarnaka lanpostu galduko dela konfiskazioaren ondorioz.

Gaur ezagutu dugun epaia emateko 43 pertsona mantendu dute prozesatuta ia 14 urtez. Nekez aurkitu daiteke desproposito judizial handiagorik.

Baten batek esan lezake espetxe zigorrak txikiak direla: guretzako espetxe egun bakar bat bera ere gehiegizkoa litzateke, izan ere sumario honetan beren ideiengatik izan baitira epaituak prozesatu guztiak, eta gainera gogoratu behar da sumario honengatik 16 pertsona izan direla espetxeratuak 2 eta 4 urte bitarteko zigorratan, eta gainera ehundaka milaka euroko fidantzak ordaintzera behartuta izan zirela inputatuak.

Garai politiko berria irekitzeko apustua egin genuen eta hori posiblea izan zen hamarkada luzetan egindako lanari esker eta ilegalizazioari aurre egin geniolako. Gure konpromisoa garai politiko berriarekin erabatekoa da eta ez dugu normalizazio, bake eta konponbiderako aukera hau inork hondoratzen utziko. Bere garaian, gaur zigortuak izan diren batzuk espetxeratuak izan ziren eta aldiz urte batzuk beranduago herri honen norabide politikoa aldatzea lortu du Ezker Abertzaleak eta beraz etorkizunari baikortasunez begiratuko diogu, gaurko epaian zigorrak ezarrita ere apustu politikoa irabazi dugulako.

Garai politiko berri honetan epaiketa politiko guztiak bertan behera gelditu behar dira, hori da gure esijentzia. Jazarpen politikoa bukatu behar da orain, ez dago aitzakiarik horretarako. Eskubidea dugu politika baldintza berdintasunean egiteko eta gaurkoa bezalako epaiek agerian uzten dute eskubide hori auzitan dagoela eta hori horrela den bitartean bakea eta normalizazioa betegabeko helburuak izango dira herri honetan.

Bukatzeko, deia zabaldu nahiko genuke datozen egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartu eta eraso honek suposatzen duen gehiegikeria salatzeko. Hasteko, konzentrazioak burutuko dira gaur herri guztietan arratsaldeko 8etan eta bertan parte hartzera deitu nahi dugu. Biharkoan batzarrak burutuko dira eragindako herrietan eta ekimen berriak ezagutuko ditugu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.