GALeko hainbat biktimari ukatu egin dio Audientzia Nazionalak terrorismo biktima bezala dagokien kalteordainerako eskubidea, ustez ETAko kide izateko akusaziopean.
Sorturen ustez praktika judizialaren oinarrien aurkako erabakia da, izan ere, ANak ez du beharrezkotzat jo biktima ETAko kide zela baieztatzen duen sententzia penalik egotea; hartutako erabakiaren arabera, nahikoa izango da "datu objektiboak" izatea. Poliziak egindako informeetan oinarritu dira, beraz, majistratuak eta ez sententzia beten bidez jasotako delituetan.
Oso tristea da, eta aldi berean argigarria, baieztatzea Estatuaren soldatapeko zirenek eraildako euskal herritarrek ez dutela gaur egun inolako erreparazio ez kalteordainik. Ondorioztatzen dugu, beraz, duela 30 urte Estatuko estoldetan egindako hilketen biktimen ez dutela gaur egun inolako eskubide aitorturik.
Errekurrituak izan ziren kasuen artean deigarria da biktima moduan kalteordaina ukatu izana Joseba Antonio Lasari, zeina guardia zibilek bahitua, torturatua eta eraila izan baitzen, haien arten Rodriguez Galindo generala. Ez dago Lasaren aurkako sententzia judizial bakar bat ere, Estatuko Segurtasun Indarrek idatzitako informe batzuk soilik; beren hiltzaileak parte ziren talde horrek idatzitako informeak, alegia.
Antzerakoa da Josu Muguruzaren kasua ere. Muguruza Madrileko diputatua zen erail zutenean, beren familiari erreparazioa ukatu diote, argudiatuz ustez Muguruzak ETAn militatzen zuela, baieztapen horren oinarri bakarra Poliziak egindako informa bat delarik. Muguruza hil zuena Poliziako kide zen.
Estatu espainiarra, oraingo honetan ANren bidez, Estatu terrorismoaren biktimak mespretxatzen ari da, beren erreparazioa ukatuz bi albiz biktimizatzen ditu, eta modu honetan aditzera ematen duen ideia da Estatu terrorismoak ez diola inolako erreparaziorik zor bere biktimei, hauek disidente independentistak baitira.
Estatu terrorismoaren biktimei egiten zaien izugarrizko burla da hau, onartezina. Ez dago lehen mailako eta bigarren mailako biktimarik, guztiek dute egia jakiteko eskubidea, guztiek merezi dute aitortza, eta guztiek behar dute erreparazioa.