Euskal Herriaren luze zabalean ospatzen diren jaiak beti izan dira aldarrikapen ezberdinak jendarteratzeko leku.
Jaia eta aldarrikapena beti joan dira eskutik lotuak.
Azken garaiotan ordea, eskuhartze larria ematen ari da jai ezberdinetan helburu bakartzat proiektu politiko espainiarra inposatzea dutenen eskutik.
Urquijok, Entzutegi Nazionalak, Guardia Zibilak eta zenbait elkarte ultraeskuindarrek jo puntuan jarri dituzte hainbat jaietan euskal preso politikoekin elkartasunez zein indar errepresiboek Euskal Herritik alde egin dezatela aldarrikatzeko deituriko jai ekimen ezberdinak, hala nola, txokolatadak, desfileak, txupinazioak, brindisak edo poteoak.
Debeku hauek eskubide zibil eta politikoen urraketa larria dira, mehatxuaren bidez hainbat aldarrikapen isilarazteko helburua dutenak.
Horrela bada, Sortuk deia luzatzen die herritarrei inposaketen gainetik jaiak eta aldarrikapena uztartzen jarraitzeko.
Azkenik, Sortuk elkartasun guztia adierazi nahi dio Bilbon eraso faxista jasandako gazteari.
Faxista inkontrolatu zein kontrolatuek, ez dute tokirik gurean.
Sortu,
2015eko abuztuak 30