Gurutze Rodríguez Armendaritz, Olaztiko alkatea, Iñaki Goioaga senataria eta Asier Altuna, Sorturen Amerikarako ordezkaria biltzen dituen Euskal delegazioa Mexikon da Hilario Urbizu San Románen kasua aztertzeko.
Euskal errefuxiatua pasa den maiatzaren 6ean atxilotu zuten 3 hamarkada baino gehiago Mexikon bizi eta lan egin ostean. Orienteko kartzelara bidali zuten lehenengo eta ostean Tepepaneko dorre medikura eraman zuten, gastriti larriaz gain, birika eta azal minbizia pairatzen dituelako.
Abuztuaren 17an Prozedura penal federalentzako 11. distritu epaitegiak estatu espainolak egindako estradizio eskaria egokia ez dela ebatzi zuen, euskal errefuxiatuari leporatutakoak estatu espainolean garai horretan indarrean zegoen legediaren arabera preskribaturik daudelako. Irailaren 17rarte du epea Kanpo Harremanetarako Idazkariak, Claudia Ruiz Massieuk, eskaria behin-betirako erantzun eta euskal errefuxiatuaren estradizioa onartzen duen edo ez erabakitzeko.
Delegazioak errefuxiatua bisitatu du Tepepaneko dorre medikuan eta talde politiko guztietako ordezkari eta ordezkari instituzional ezberdinekin biltzeko aukera izan du, Giza Eskubideen Komisioko lehendakaria den Angéliva de la Peña senatariarekin besteak beste eta Mexikoko hainbat elkarte eta fundazioekin ere, Fundación Paz con Democracia edo Serapaz kasu.
Delegazioak euskal errefuxiatuaren Giza Eskubideen errespetuaren inguruko, bereziki osasun eskubidearen inguruan eta estradizio eskariak suposatzen duen mendeku politiko argiaren inguruko kezka azaldu du bilera hauetan.