Behin baino gehiagotan hitz egin dugu delitu beragatik Estatu espainiar eta frantsesean espetxe-zigor bikoitza ordaindu behar izatearen inguruan egiten ari den erabateko gehiegikeriaz.
Eta beraz, gaurkoan Alberto Plazaola, bizitza erabat ohiko eta publikoa egiten zuen Ziburun atxilotua izan dela jakin berri izan dugunean berriro ere azpimarratu nahi dugu:
- erabat injustua den atxiloketa baten aurrean gaudela.
- errotik okerra den epai baten ondorioz gertatutako atxiloketa baten aurrean gaudela.
- eta gainera, Gobernu espainoletik belarrira xuxurlatutako doktrina erabat bidegabe eta ankerrean oinarritua dela.
Ez dakigu zein izango den egoera honen garapena; litekeena da estradizio edo mugaz gaindiko entrega prozesua irekitzea. Sortutik Alberto Plazaolaren interesen mesedetan izan beharreko erresoluzioaren alde egiten dugu apostu eta aipatu erresoluzio hori bitartean bera libre egon ahal izatea eskatzen dugu.
Modu berean, herritarrak nahi ditugu deitu Plazaolaren kontrako gehiegikeria salatzera, gaur arratsaldeko 7etan Ziburun eta Oñatin emango diren mobilizazioetan parte hartuz.