ALBISTEAK

Gaurkoa bezalako egun batean 1990. urtean, polizia nazional batek tiroz hil zuen Mikel Castillo gazte burlatarra, Iruñeko Alde Zaharreko kale batean.

Eskuan pistola bat zuela eta ihesi zihoan ETAko militante bati polizia nazional batek tiro egin behar izan ziola, bere burua defenditu nahian; horixe izan zen bertsio ofiziala, hainbeste eta hainbeste bertsio ofizialen modura, ilunkeriaz, ikuspegi interesatuz eta zalantzez beterikoa.

Horixe izan zen barne ministroak mantendu eta defendatu zuen bertsio ofiziala, orduko komunikabide askok lagunduta. Aldiz, kaleko zenbait auzokidek beste gauza oso desberdin batez hitz egin zuten: Karmen kaletik korrika zihoan gazte batez, eskuan ezertxo ere ez zeramana, tiroz hil zuena atzetik jarraika zihoakion polizia nazional batek.

Mikel Castillo hil zuen polizia hilketa leporatuta epaitu zuten, baina epaiketa honetan bertsio ofiziala gailendu zen, beste hainbatetan bezalaxe, eta polizia errugabetu zuten, baita ondoren kondekoratu ere. Horregatik guztiagatik hain zuen ere, epaiketa honek ez zuen batere lagundu ez egiaren bidean, ezta aitortza eta erreparazioaren bidean ere.

Izan ere, epaiketak kontuan hartu ez zuena, Mikelen heriotzaren testuingurua izan zen. Eta testuinguru honek esaten diguna da, oso epe motz batean, 1984tik 1991ra hain zuzen ere, Mikel Castillo bezala beste 20 pertsona inguru, ETAko militanteak kasu batzuetan, militante abertzaleak bestetan, egoera berdinean hil zituztela. Tiroz hilda, ustez atxilotzera zihoazela. Mikel Castilloren kasuan ez gara ari beraz, heriotza isolatu baten inguruan, baizik eta "hiltzera tirokatzera" teknika arbuiagarrian edota politikan kokatu ziren hilketak.

Biktima guztiek aitortza, justizia, egia eta erreparazioa merezi dute. Guzti-guztiek. Baita torturaren biktima izandakoek ere, edota "tirar a matar" edo espetxe politikarenek, deportazioarenek... eta ez da onargarria, inondik inora ere, biktimaren tipologiak, kasu honetan ETAko militantea izateak, biktima izaera desagertu araztea edota bere oroimena eta berarekiko eta familiarekiko hurbiltasuna delitu bihurtzea.

Bortizkeria bakarraren diskurtsoak balio dezake jarrera zehatz bat justifikatzeko, baina egia dena da, hemen ez dela bortizkeria bakarra egon ezta arduradun bakarra ere; eta honi guztiari ekin behar diogu, beharko diogu, guztion artean.

Sortutik pentsatzen dugu ariketa globala egin behar dugula, iraganean, eta gaur egun oraindik orain, gertatutako guztiaren egia eta aitortza bilatzeko, eta horretarako behar beharrezkotzat jotzen dugu, egia bilatzeko balio dezaketen mekanismoak denon artean adostu eta martxan jartzea.

Honela baino ezin izango da ireki garai berria; orube sendoan oinarrituta eta ez elkarbizitza, bakea eta normaltasuna galaraziko duten itxi gabeko zaurien gainean.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.