Bihar, irailak 25, Espainiako Auzitegi Nazionalak bilkura egingo du euskal preso politikoek sakabanaketarekin amaitu eta Euskal Herriratzeko egindako eskaerari erantzuteko. Eskaerari kasu egin ala ez erabaki beharko du Entzutegi Nazionalak.
PPrentzat lehentasunezkoa izaten jarraitzen du salbuespenezko neurrietan oinarritzen den espetxe politikari eustea. Izan ere, espetxe politika da bere tresna nagusia Euskal Herriak konponbidearen bidean aurrera egin ez dezan. Honen adierazle, ETAk borroka armatua amaitutzat jo zuenetik lau urte igaro direnean, espetxeetako egoerak okerrera egin du.
Zigorrak luzatzen ari dira faktuzko biziarteko zigorra ezarriz; sakabanaketaren bitartez, erruleta errusiarrera kondenatzen ditu PPk astebururo senideak; larriki gaixo diren pertsonak preso mantentzen jarraitzen dute... hauxe da espetxeetako egoeraren erradiografia.
Errepresioa dute euren politikaren ardatz Madril eta Parisek. Gatazkan kateatuz, etorkizuna lapurtu nahi diote gure herriari. Soilik horrela uletzen dira Baigorrin eginiko lau euskal herritarren atxiloketak. Ez lehendik egindakoek ezta oraingo atxiloketa hauek ere; ez dute lortuko ezkutatzea hemen jatorri politikoa duen arazo latza badagoela eta hori da hain zuzen, herritarrok ezin dugula gure etorkizuna libreki erabaki.
2011ko urrian ETAk jarduera armatuari bukaera ematea erabaki zuen eta momentu honetan armagabetzearen aurreko inbentariatze eta zigilatze prozesuan dago buru belarri hainbatetan publiko esan duenez.
ETA ez da dagoeneko eragile armatu bat; horregatik, ETAren kontra ekiteak herri honetan zabaldu den errealitate politiko berriari muzin egitea suposatzen du, eta modu berean jarraitzen da kriminalizatzen azken garaian hartutako erabaki handien eragileak diren pertsonak eta egun bizitzen ari garen denbora politiko berria ahalbidetu duen erakundeetako bat.
ETAk modu positiboan ekin dio jarduera armatuaren amaieratik eta ukazinezko aurrerapausoak eman ditu euskal gatazka politikoaren konponbidea laguntzeko asmotan; gobernu espainolak aldiz, bakerako aukera guztiak zapuzteko asmotan aritu da lehenengo egunetik modu guztiz arduragabean.
Bortxakeriz, errepresioz eta atxiloketen bidez ari dira bakearen aldeko jarrera eta armagabetze betean dagoenaren kontra. Bakearen etsaia da PP.
Zoritxarrez, Gasteizko gobernuak PPren diskurtso berbera darabil, zinismo hutsez gainera, Aietetik hona aurrera bultzatu beharrean oztopoak jartzea izan delako PNVren politika.

Testuinguru honetan dator Espainiako Entzutegi Nazionalaren biharko bilkura eta pentsa daiteke erabakia aldez aurretik idatzia dagoela Madrilgo gobernuaren eskutik, alegia, orain artekoan jarraitzea, euskal presoen eskaerei bizkar emanez eta hauen senitarteko eta lagunei eragiten zaien kaltea handiagotuz.
Hau honela, Sortuk beharrezkoa ikusten du euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka indartzea, espetxe politika kriminalaren aurka egitea konponbidearen alde jardutea delako eta noski, preso guztiak etxean behar ditugulako gatazka eta bere ondorioak behin betikoz isteko. Eta horretarako lehen urratsa presoen Euskal Herriratzea eta sakabanaketari amaiera ematea da.
PPren espetxe politika kriminalarekin eta estrategia errepresiboarekin amaitzeko indarrak biderkatu behar ditugu: mobilizazio sozialen bitartez, babes eta presio politiko eta instituzionala indartuz... Hori da Sorturen konpromisoa eta aurrerantzean herriz herri jorratuko dugun zeregina.
PPren espetxe politika kriminalarekin amaitzeko indarrak biderkatu behar ditugu (http://bit.ly/1Fit0uQ)Necesitamos...
Posted by Sortu on Ostegun, 2015.eko Irailak 24