Lehenik eta behin, azpimarratu beharra dago aurreko astean operazio polizial bat jasan zuen erakunde baten agiria dela atzokoa, non agertoki berriak eraikitzeko bere konpromisoan berresten den. Heldutasun adierazpen bat da, eraso guztien gainetik bakearen eraikuntzan ekarpen berriak egin nahi dituen erakunde baten aldetik.
Agiriaren edukiei dagokionean, ETAren agiriak erakundearen erantzunkizun politikoaren isla da: agirian adierazten duen tonoa arrazoitua eta pausatua da, estridentziarik gabekoa eta ETAk duen aurrera egiteko borondatea islatzen du.
Aurrekoetan adierazi moduan, Estatu espainiarrak mantentzen dituen salbuespenezko neurri eta politikek konfrontazio demokratiko agertoki bat eragotzi nahi dute. Esparru horretan bere burua galtzaile ikusten du Estatuak. Hego Euskal Herrian zein Katalunian PPren irrelebantzia politiko eta elektorala horren erakusle da. Intentsitate baxuko konfrontazio egoera bat nahi du gobernuak, horregatik eragozten du ETAren armagabetzea eta mantentzen du mendekuzko espetxe politika. Herri borondate askearen beldur dira, hemen eta Katalunian. Horregatik auzipetzen dute Mas kontsulta bat deitzeagatik edo iraganeko indarkeria betikotzen saiatzen dira, armagabetze prozesuan den ETA erasotuaz.
Agertoki berriak eraikitzeko ETAk adierazten duen borondatea nabarmendu nahi dugu. Hori dio testualki agiriak eta albiste ona da, ezbairik gabe. Agertoki berri horiek gatazkaren ondorioen konponbidearekin lotuak joatea da Sorturen nahia, alegia, armagabetzearekin, preso eta iheslarien etxeratzea eta biktimen aitortza eta erreparazioarekin.
Era berean, bakearen eraikuntzan ETAk adieraziriko konpromisoa Estatu espainiarrak adierazitakoaren oso gainetik dago. Gustatuko litzaiguke "agertoki berriak eraikitzeko borondatea" adieraztea Madrilek. Gaur gaurkoz, Madril posizio arrazionaletara eramatea betegabeko aspirazioa da. ETAren kasuan aldiz, konponbidearekiko konpromisoa agerikoa eta nabarmena da.
ETAren agiriak larritzekoa den gai bati eusten dio: armagabetze prozesuak eraso poliziak jasaten jarraitzea eta ondorioz prozesu hori ezinezko bihurtzea eta larriagoa litzatekena, hainbat armategi kontrolik gabe geratzea. Egoera hau ez da inondik inora desiragarria baina emango balitz, polizi operazioak agintzen dituztenena litzateke ehuneko ehunean ardura. Horregatik, ETAk adieraztea armategien inbentariatze eta zigilatze prozesuak aurrera egiten duela albiste garrantzistua da, kolokan jartzen dituena operazio polizialen osteko autobonbo adierazpen arduragabeak.
Armategien zigilatzean daudenen aurkako jazarpena salagarria da, baina bereziki arriskutsua da Estatu frantsesaren jarrera. Estatu frantseseko lurraldean armategiak kontrolik gabe geratzea autoritate frantsesei dagokie bereziki eta hauek dira ordea agintari espainiarren politika berbera aplikatzen ari direnak.
ETAk adierazten du bere ibilbidearen zatirik handiena egina duela. Euskal Herriak behar dituen konponbide agertokiak eraikitzen laguntzeko bideorri definitua duen erakunde baten hitzak dira horiek. Baigorriko zein iragan uztaileko moduko polizi operazioen helburua da konponbide agertoki bat eraikitzeko ahalegin historikoa hankaz gora jartzea.
Sorturen iritziz, entzungorrarena egiten duen Estatu bat aurrean dugun heinean, logikoa da eraikuntza nazionalerako eta bakearen eraikuntzarako aldebakarreko estrategia sendotzea. Madrilekin paktuak defendatzea euskal jendarteari iruzur egitea da. Euskal jendartea da bakerako, elkarbizitzarako eta etorkizuna eraikitzeko bere bide propioa definitu eta garatu behar duena.
Azkenik, prozesu honen protagonista diren herritarrei deia luzatu nahi die Sortuk larunbat honetarako EH Bilduk deitu duen manifestazioan parte hartzeko. Berriro ere kalera aterako gara, konponbideari boikot etengabea salatzeko eta bere geroaren jabe izatea euskal jendarteari dagokiola aldarrikatzera.