ALBISTEAK

Arratsaldeko lehen orduan, Parisen Egoitz Urrutikoetxea eta beste bi lagun atxilotuak izan dela zabaldu dute hainbat hedabidek.

Sortuk irmoki salatu nahi ditu atxiloketa hauek, berriro ere bide poliziala indartu nahi du eta. Egungo gehiengoa arriskuan ikusten duen hauteskunde batzuen atarian, "euskal herritarraren ehiza" aktibatu du berriro ere PPk, etekin politikoak lortuko dituelakoan.

Orain lau urte ETAk jarduera armatua amaitutzat eman zuenean irekitako aro berria termino demokratiko eta erresolutiboetan egonkortzea eragozten du errepresioaren aldeko hautuak. Aterabide polizialaren ideia faltsuan tematurik dago PP, Euskal Herriko errealitate politikoak aterabide hori etengabe gezurtatzen duen arren. Ez polizi operazio honek ez gainontzekoek ezingo dute ezkutatu Euskal Herrian politikoa den gatazka bat dagoela, euskal herritarren hitza eta erabakiaren ukazioan duena oinarria.

Bakearen eraikuntzak indarkeria guztien desagerpena exijitzen du eta hori, gaur gaurkoz, ez da bizi dugun errealitatea; ETA armagabetze prozesuan dagoen bitartean Gobernu espainiarrak garaile eta garaituen dinamikan jarraitzen du, mendeku itsuan, ustez "Pardines" operazioaren helburu nagusia zenaren senide bat atxilotzeak erakusten duen moduan.

Horrela bada, Sortuk Egoitz Urrutikoetxea eta gainontzeko atxilotuen askatasuna exijitzen du.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.