ALBISTEAK

Irailean Euskal Herrian egindako bilera ezberdinen inguruko balantzea egiten duen txostena kaleratu du gaur Nazioarteko Harremanetarako Taldeak.

Sorturen iritziz, konponbide prozesua egonkortzeari begira kontutan hartu beharreko erreferentzia da txosten hau.

1. Azken urteotan emandako aurrerapenei dagokionean, azpimarratu beharra dago urrats positibo guztiak euskal jendartearen, nazioarteko komunitatearen eta ETA beraren aldetik eman direla. Aldaketa hauetarako oinarriak ezarri zituen Ezker Abertzaleak orain zazpi urte emaniko eztabaida estrategikoan eta bide politiko, baketsu eta demokratikoen aldeko hautuan. Horrela bada, adierazi beharra dugu neurri handi batean Ezker Abertzalea izan dela gatazka politikoa konpontzeko aro politiko berria ireki duena.

2. Txostenarekin bat egiten dugu adierazten duenean prozesuari oztopoak Madrilen eta Euskal Herrian dituen alderdi sukurtsalistetan daudela. Elkarrizketari uko etengabea egiten diote alderdi horiek. Honek badu arrazoi nagusi bat: elkarrizketa eta konfrontazio demokratiko testuinguruan galtzaile ikusten dira PSOE eta PP. Honen adibide da bi alderdiok jasaten ari diren minorizazio politiko eta elektorala edo berriki Arantza Quirogarekin pasatakoa.

3. Informeak aipatzen du EAJ eta Sorturen arteko elkarrizketa blokeatua dagoela oinarrizko gai batzuen inguruan adostasunik ez delako lortu. Hau objetiboki horrela izanik, esan beharra dugu ez gaudela erredakzio arazo baten aurrean. Egoera honen arrazoia EAJk eta Bake eta Elkarbizitza Idazkaritzak Ezker Abertzaleak euren errelatoa irentsi dezan duten obsesioan datza. Gurea ez den errelato bat eta gure sekula egingo ez duguna. Kontakizun bakarra inposatzea ahalegin hutsala da, emaitzarik emango ez duena. Iraganean gure arteko adostasunik egon ez bazen ezinezkoa da orain jazotakoaren inguruko hausnarketa berbera egitea. Nazioarteko esperientziak berbera dio, Kolonbian berriki ikusi bezala. Elkarrizketa espazioak eraikitzeko ezinbestekoa da errelato ezberdinen existentzia onartzea, bai eta balorazio partidistak inposatzen saiatzea. Honakoa printzipio bezala onartu beharko genuke eta horrela diote ere Lakua aholkatzen duten adituek. Printzipio hau inplementatu nahiko luke Sortuk EAJrekiko zein gaintzeko indarrekin harremanak izateko garaian.

4. Horrela bada, Ezker Abertzaleak aitortu egin ditu Euskal Herrian emaniko indarkeria ezberdinek sorturiko mina eta sufrimendua; bai ETAren jarduera armatuak eragindakoak bai eta Espainia eta Frantziaren estrategia errepresiboak zein gerra zikinak eragindakoak. Hori da gure posizioa eta nahiko genuke gainontzeko alderdi politikoek ere autokritika egitea biktimen aitortzaz ari garenean. Gaur gaurkoz, hori ez da horrela: soilik Ezker Abertzaleak mantentzen du biktima guztien aitortzaren posizioa.

5. Sorturen iritziz ahaleginak etorkizuneko akordio erresolutibo bat ahalbidetzen egin beharko lirateke; gatazkaren ondorioen konponbidean berehalako neurriak hartzeko, hala nola, espetxe politikaren aldaketa erradikal batean, biktima guztien aitortzan eta ETAren armagabetzeari babes sozial, politiko eta instituzionalean. Horrek ere euskal jendartearen erabakitze eskubidearen aitortzarako etorkizuneko formula politikoaren oinarriak adostea ere eskatzen du. Horretarako ezinbestekoa da elkarrizketa martxan jartzea, esparru politiko, instituzional zein sozialean. Elkarrizketa hau, baina, ezinezkoa izango da batak besteari aurrebaldintzak, exijentziak eta abarrak inposatu ezkero.

6. Sortuk elkarrizketaren beharra azpimarratu nahi du. Madrilek ezinezkoa egin nahi duen elkarrizketa hori ahalbidetzea dugu herri gisako erronka. Euskal eragile politiko, sozial eta instituzionalek ETAren armagabetzean lagun dezakete -beharrezkoa balitz horretarako elkarrizketa zuzenerako esparru bat irekiaz-, espetxe politika aldatzeko bultzatzen eta biktima guztien aitortzan urratsak ematen.

7. Honetarako, Sorturen prestutasuna erabatekoa da. Borondate osoa dugu esparru politiko, instituzional eta sozialean elkarrizketa bultzatzeko. Beste eremu batzuetan akordioak ahalbidetu dituzten edukiak hartu nahi ditugu kontuan. Horregatik adierazi nahi dugu elkarrizketa ezin dela ez bere edukietan mugatu ez eta kontakizunaren ikuspegi zehatz bat inposatzeko erabili.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.