Gaur egin da publiko 20 euskal preso politikok eginiko Euskal Herriko espetxeetara hurbilketa eskaerei Entzutegi Nazional espainiarrak emaniko ezezkoa.
Zoritxarrez, aurreikusi zitekeen erantzuna da ezezko hau. Izan ere, Estatu espainiarrean ez dago botere judizial independenterik. Blokeo egoeran dagoen eta baliabide polizial eta judizialak gatazkaren konponbidearen aurka erabiltzen dituen PPren gobernuaren aginduei men egiten die botere judizial espainiarrak.
Oroitarazi beharra dago egun 400 euskal preso politiko baino gehiago daudela Estatu espainiar osoko espetxeetan sakabanatuak eta salbuespenezko neurriak pairatzen. Oroitarazi beharra dago ere 16 direla sakabanaketa politikaren ondorioz hildakoak eta astebururo, presoen senide eta lagunak erruleta errusiarrera kondenatzen dituela PPk.
Preso politikoei ezartzen zaien salbuespenezko politika bertan behera uztea exijitzen jarraitu beharra dugu; ilegala delako; preso zein senideei kalte konponezina eragiten dielako eta euskal jendartearen gehiengoak horrela exijitzen duelako. Argudio guztiak dauzkagu, kalera atera behar ditugu indarrez: presio instituzionala areagotu; prozesua bultzatu nahi duten sektore guztien inplikazioa lortu; Gobernu espainiarrari espetxe politika kriminala mantentzea ezinezkoa egingo diogula sinistu eta sinistarazi behar dugu.
Ez dugu inolaz ere onartuko preso politikoak gatibu moduan erabiliak izatea prozesu independentista geldiarazteko. Are eta indar gehiago egin prozesu independentista garatzeko, askatasunetik geroz eta hurbilago izango dira presoak.
Gaur iragarririko erabakiarekin, berriro ere argi geratu da Estatu espainiarra prest dagoela bere legislazioak jasotzen dituen eskubideak urratzeko, beti ere gatazka betikotzeko helburu miserableari eusteko. Eta era berean, argi geratu da konponbidearen aldeko ekimena Euskal Herrian dagoela, EPPKn kasu honetan.
Prozesuan murgiltzeko eta prozesua elikatzeko EPPKren asmoa argia da eta ildo horretan EPPKren ekimen guztiak babestuko ditu Sortuk.