Gaurko agerraldiaren helburua, datorren azaroaren 20, Santi Brouard eta Josu Muguruza Ezker Abertzaleko militanteen hilketaren urteurrenean, Sortuk deituta Bilbon egingo den manifestazioaren berri ematea da.
Urtez urte egin bezala, aurten ere Sortuk bi kide hauek omendu nahi ditu, Ezker Abertzalearen baitan eginiko ekarpen humano eta politikoagatik. Euren ekarpena eta borroka guretzako erreferentzia direlako, aurtengo mobilizazioaren leloa "Zuen ametsa, gure iparra. Independentzia eta Sozialismoa" izango da.
Independentzia eta sozialismoa helburu, milaka gizon eta emakumek egin dute eta egiten dute euren ekarpen militantea Ezker Abertzalean. Hori da gure lanabesik preziatuena, parez pare ditugun erronkei aurre egiteko tresna.
Aurtengo azaroaren 20a, testuinguru berezian bizi du Ezker Abertzaleak. Batetik, aurreko larunbatean iragarri bezala, Ezker Abertzaleak "Abian" izeneko hausnarketa eta eztabaida prozesuari ekin dio.
Askapen nazional eta sozialerako prozesua egungo egoerara egokitzeari begira, birdefinizio eta eraberritze estrategikoari ekin diogu. Helburua, herritarrak ardatz izango dituen proiektu politikoa eraikitzea, horretarako feminismoa, euskalduntzea, sozialismoa eta independentzia bezalako hitzak proiektu erreal eta eraginkor bihurtuz
Eta bestetik, 40 urteko beteko dituen Frankismoaren erreformatik eratorritako Estatu ereduaren krisialdi sakona. Orain 40 urte, Frankismoarekiko haustura demokratikoa aldarrikatzen zuen Ezker Abertzaleak. Gaur egun, Kataluniak ondo erakusten duen moduan, demokraziarako aukera bakarra Euskal Herrian bertan gure prozesu independentista propioa indartzea eta garatzea da, hau da Estatuarekiko haustura. Estatu espainiarraren baitan ez dago ez demokraziarako, ez justizia sozialerako inolako aukerarik.
Herrien espetxe den Espainiarekin kateak hautsi behar ditugu, gure geroaren jabe egiteko eta independentzia eta sozialismoari ateak irekitzeko. Horretarako bide bakarra, indarrak metatu eta mobilizatzea.
Santi eta Josuren moduan milaka lagunek egindako ekarpen humano eta militantea dugu etorkizuneko borrokarako iparra. Horregatik, gure artean ez direnak gogoan, etorkizunari begira kokatu nahi dugu azaroaren 20ko mobilizazioa.
Azkenik, deialdia luzatu nahi diogu herritar orori azaroaren 20ean, ostirala, 19:30ean Santiren kontsultatik (Errekalde zumarkalea / Juan de Ajuriagerra kalea. Ikusi kokalekua mapan) abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko.
Ebento-ekitaldi bat sortu dugu Facebooken. Zure lagunei gonbidapena bidal diezaiekezu, hemen ekitaldia.
Lotura hauetan pankarta ereduak ikus ditzakezue:
Pankarta eredua 1
Pankarta eredua 2
Pankarta eredua 3
Pankarta eredua 4