ALBISTEAK

Iragarria zegoen moduan, Giza Eskubideen Auzitegi Europarrak gaur argitaratu du Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezen defentsa juridikoak aurkezturiko helegiteari emaniko erantzuna.

Dakizuen moduan, Estrasburgoko Auzitegiak erabaki du aurrera jarraitzea helegitearen azterketan, Entzutegi Nazional espainiarreko partzialitate ezaren salaketari dagokionez. Sorturen iritziz, honek adierazi nahi du Ezker Abertzaleko 5 militante hauek espetxeratzea helburu zuen prozedura judiziala berme guztiekin egin ote zenaren inguruko zalantza duela Estrasburgek, eta hori aztertuko duela.

 Auzipetuetako hiruk zigorra osorik bete duten arren eta Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek espetxean jarraituko duten arren, gure iritziz Estrasburgeko auzitegiaren ebazpenak badu garrantzia, izan ere, berriro auzitan jartzen baita Espainiar judikaturak euskal independentismoarekiko izan duen eta egun duen jarrera.

Bere garaian genion eta orain berretsi egiten gara: Ezker Abertzaleko 5 kide hauen atxiloketak eta espetxeratzeak oinarri politikoak ditu soilik, zelofan juridiko oso ahul batekin. Atzo Ezker Abertzalearen hausnarketa estrategikoa baldintzatzeko eta gaur Euskal Herrian egoera berri bat eragozteko errepresioa, espetxe politika ankerra eta epaiketa politikoak erabiltzen ditu Estatuak. Horretarako bere egitura guztiak erabiltzen ditu, tartean judikatura.

Kalean beharko lukete Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek, baina Estatuak gatibu nahi ditu Euskal Herriaren askapen prozesuan egin dezaketen ekarpena baldintzatu asmoz. Oker dabiltza ordea: Erreferentzia politiko saihestezinak dira biak ala biak, euskal jendartearen sektore geroz eta zabalentzako gainera.

Horrela bada, guk askapen prozesuarekin aurrera egiteko gure konpromisoan berresten gara eta norabide berean, Arnaldo, Rafa eta gainontzeko euskal preso politikoak etxeratzeko indarrak biderkatzeko.

Euskal Herrian dago gakoa, euskal herritarrok dugu gakoa. Indarrak metatzea eta aktibatzea dagokigu. Horretarako hitzordua dugu abenduaren 6ean, Espainiar Konstituzioaren egunean, "Bildu Independentziara" lelopean Bilbon egingo den manifestazioan.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.