ALBISTEAK

Espetxe politikaren aldaketaren aldeko aldarriak erro sakonak ditu euskal gizartean. Nork bere hautu politikotik harago, herritarren gehienak bat egiten du salbuespenezko politikak bertan behera geratzeko beharrarekin; orain lau urte pasatxo ireki zen denbora politiko berriak zabaldutako aukeren baitan kokatzen da behar hori, normalizazio sozial eta politikoa helburu ezinbestez behar zaiolako heldu salbuespenezko politiken aplikazioaren desagertarazteari, preso guztein etxeratzearen bidean.

Indarrean dagoen espetxe politika kriminaltzat hartu izan ohi dugu gure diskurtsoan eta hori ez da kasualitatez izan. Espetxe politika kriminala da bere aplikazioak bizitzen galera dakarrelako -16 azken urte hauetan- eta sakabanaketa politikaren ondorioz euskal preso politikoen senide eta lagunek beren bizitzak arriskuan jarri behar dituztelako asteburuoro berrogei minutuko kristalarteko bisita bat egitearren.

Pasa den asteburuak preso bati bisita egitera zihoan istripu baten berri utzi digu, aurtengo lehena. Olga Comes Leongo espetxean dagoen preso nafarraren lagun batek istripua izan zuen espetxera bidean, zeinaren ondorioz zauri ezberdinak izan zituen eta bisita galdu zuen. Gogoratu beharra dago honelako istripuak politika jakin baten ondorio direla, indarrean dagoen espetxe politikak ondorio kriminalak dituela eta biktimak presoak eta bereziki beren gertukoak direla. Ordua iritsi da sakabanaketarekin bukatzeko eta presoen eta beren senideen eskubideen errespetuaren gainean sustatutako espetxe politika bat martxan jartzeko.

Karlos Garcia Preciado preso andoaindarraren inguruan gertatutakoa ere guztiz esanguratsua da. Pertsekuzio bidegabe baten biktima izan da hamasei urte luzetan zehar eta azkenekoa Italian espetxeratuta eman du. Euskal herritarrok pairatzen dugun salbuespenezko justiziaren aplikazioaren biktima izan da Garcia Preciado eta ahalik eta lasterren bere etxera libre bueltatu ahal izatea esijitu beharra dugu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.