ALBISTEAK

Hedabide ezberdinek argitaratutakoaren arabera, elkarrizketa esparru bat eratzeko Norvegian kokaturiko ETA erakundearen ordezkaritza batek aipaturiko herrialdea utzi du. Berri honen eta azken asteotan hedabide ezberdinek buruturiko filtrazioen inguruan, honakoa adierazi nahi du SORTUk:

2011ko urrian buruturiko Aieteko Nazioarteko Konferentziak gatazka politikoaren konponbide osorako bide-horri bat ezarri zien. Interpelaturiko eragileetako batek ETAk alegia, era positiboan erantzun zien Aieteko Adierazpenaren eskaerei eta geroztik, hainbatetan adierazi du gatazkaren ondorioei aterabidea emateko Estatu espainiar eta frantziarrarekin elkarrizketak abiatzeko bere borondate eta disposizioaren berri.

Estatu espainiarraren jarrera ordea, boikot eta oztopatzearena izan da. Alderdi Popularraren gobernuak blokeo jarrera bat mantentzen du, bere politika eskubide urraketa iraunkorrean eta mehatxuan oinarrituz, gatazkaren konponbiderako Euskal Herritik zein nazioartetik burutzen diren ahalegin eta saiakerak zapuztu asmoz.

Politika honetan PPren zerbitzari leiala da Urkulluren EAJ. Interes partikularren gatibu den EAJ PPren politika immobilistarekin lerrokatu da, txeke zuria ustezko diskrezioarekin mozorrotuz. Diskrezioarena gezurra baino ez da, ordea. Izan ere, azken asteotako filtrazio eta toxikazio saiakerak elikatzeko orduan protagonista izan dira bozeramaile jeltzaleak.

Euskal jendartea ordea, helduegia da PPk eta bere akolitoek sortu nahi duten frustrazioan erortzeko. Herri honetan elkarrizketa, akordioak eta konpromisoak exijitzen duen gehiengoa dago. Gatazka politikoaren konponbiderako aukera historikoa probesteko maila ematea eskatzen digu eragile guztioi euskal jendarteak.

SORTUk ez dio euskal jendarteari hutsik egingo eta gaurkoan, gatazkaren konponbiderako bere erabateko konpromisoan berresten da.

SORTU,
2013ko martxoak 5

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.