ALBISTEAK

Sarritan salatu izan dugu estatu espainiarrean torturatu egiten dela. Milaka herritar dira polizia komisaldegietan tortura eta tratu txarrak salatu izan dituztenak.

Salaketa hauetako asko ez dira hortan geratu, salaketa hutsean, hautariko askori Estambuleko protokoloa aplikatu izan zaie eta egiazki demostratu ahal izan dute torturatuak izan zirela.

 

Azken 40 urteetan 10.000tik gora izan dira tortura eta tratu txarren biktimak; EAEko Gobernuak bultzatutako ikerketa baten arabera, gaur gaurkoz oraindik amaitu gabe beste 5.000 kasu ikertzeko zain eta Nafarroako datuak kontutan hartu gabe.

Zenbaki hauek argiro erakusten digute tortura ez dela modu isolatuan erabili edota funtzionario kaxkar baten jokaera ez legezkoa. Herri honetan tortura modu sistematikoan erabili eta aplikatu izan da. Testuinguru politiko jakin batean atxilotuaren gogoz kontrako adierazpenak lortzeko eta bide batez, beldurra zabaldu eta ideologia jakin baten kontrako guda psikologikoa hedatzeko.

Tortura salaketak bertan behera uztea funtsezkoa da, gure herrian soilik ETAren biolentzia pairatu dugula diotenentzat. Gaurko atxilotuak deklaratzera deitu zitzaketen baina tortura salatzen duena atxilotzea... honek guztiak Madrildik inposatu nahi zaigun errelatoaren baitan kokatzen da. Alferrikakoa halere, jakin badakigulako eta ez dugu inoiz ahaztuko, Estatuak gure eskubide politikoen kontra biolentzia mota ezberdin eta anitzak erabili dituela, gaurkoan beste behin agerian geratu dena.

Testuinguru honetan kokatzen dira gaurko atxiloketak. Tortura ezinezkoa zatekeen praktika hau erabiltzen dutenek babesa jaso ezean eta hori modu ezberdinetan egiten da; sarri bestaldera begiratuz eta beste askotan torturak salatzen dituztenak atxilotuz.

Gaur goizeko atxiloketak zigor operazioa baino ez da izan. Tortura barru barrutik jasan duen familia baten kontrakoa batez ere. Mingarria egiten zaigu duela egun gutxi Iker Moreno eta beste 4 nafartarrek epaiketa izan dutenean eta epaiketan tortura salaketak egin dituztenean.

Ez dugu zalantza izpirik zigor operazioa izan dela, epaiketan Fiskaltzarekin akordioa lortu izan denean guztiek espetxe zigorra saihestuz. Atxilotu dituztenek berriro ere espetxean nahi zituzten. Beldurraren mezua luzatu digute "oraingoan libratu zarete, baina hor gaude, gogoan izan gertatutakoa, zuek eta zuen familiak gure eskuetan zaudete". Zuzenbide estatu batean inoiz gertatuko ez litzatekeen larderia.

Guztiz lotsagarria da familia oso bat modu honetara atxilotzea tortura salatu izanagatik. Atxiloketa hauekin amaitu behar da. Atxilotu guztiei eta Moreno-Ibañez familiari gure elkartasun osoa.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.