ALBISTEAK

Lehenik eta behin, SORTUren Kontseilu Nazionalaren izenean besarkada estu bat helarazi nahi diet bai Hasier Arraizi baita Urko Aierbe, Joxe Aldasoro,Aniaitz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarteri ere.

Euren jarduera politikoagatik prozesatuak izan diren pertsona hauek lortutako akordioen inguruko balorazio positiboa egin nahi du Sortuk. Akordio hauek hamar euskal herritar hauek espetxera sartu ez izana ahalbidetu baitute.

Segurako akordioa gauzatu zenean, konpromiso horrek berekin jardute modu berri bat zekarrela esan genuen. Akordio horrek helburu argi bat zuela azaldu genuen era berean: etorkizunean salbuespenezko legedia nahiz politiken aplikazioaren ondorioz inor gehiago espetxean sartzea ekiditea.

Segurako akordio hark, gaurdaino, lau etapa bete ditu. Aztungalen epaiketa Audientzia Nazionalean; Hasier Arraizen aurkako epaiketa Euskadiko Auzitegi Nagusian eta azken hau, gaur, Audientzia Nazionalean beste 9 euskal herritarren aurkakoa.

Zentzu honetan, eta zuhurtziaz bada ere, duela lau hilabete ireki zen akordioaren bidea kontsolidatu dela baieztatu dezakegu. 50 euskal herritar espetxera sartzea ekiditea ahalbideratu du horrek. Sorturentzat pozteko arrazoia da hau, eta ziur gaude, orokorrean hala izango dela euskal herritarrentzat.

Azpimarragarriak diren aurrerapenen aurrean gaude dudarik gabe; bai plano politikoan bai plano humanoan dituzten ondorioengatik. Oraindik partzialak diren lorpenen aurrean gaude, jarraituko lieketen beste batzuen zain. Eta horregatik egingo dugu lan, jakitun izanik lan politikoa eta presio soziala izan direla fase hauek gauzatzeko giltza. Eta hala izango direla, xede nagusia den salbuespen neurrien erabateko desaktibazioa lortzeko ere.

Aurrera begira egiten dugun balorazio positiboak, ez du oztopatzen ordea gertatutakoa oroitzea ta salatzea. Atxiloketa inkomunikatuez, espetxeratzeez, torturez hitzegiten dugu, baita inhabilitazioz. Hooriek guztiek duten larritasunarekin.

Gertatutakoa ahaztu gabe, arrazoi politikoengatik inor gehiago espetxean sartzea oso garrantzitsua dela diogu berriro ere.

Baina hori besteko edo beharrezkoagoa da guretzak espetxeak hustutzea. Eta horregatik, gure indar guztiak prozesu independentista bat sustatzen inbertitutko ditugu. Horrek ahalbideratuko baitugu helburu hori lortzea eta bide batez, euskaldunen belaunaldi zahar nahiz berrien ametsak egi bilakatzea.

Horretarago, umiltasunetik, eta irekitako konpromisotik, euskal errepublika askea eraikitzea xede dutenen esku lana eskatzen dugu, espetxeetan jarraitzen duten pertsonena ere bai.

Amaitzeko, mezu bat helarazi nahi dugu: SORTUn akordioaren formula hau, edukiz nahiz formaz, gatazkaren ondorio guztiei irtenbidea topatzeko baliagarria eta bideragarria izan daitekeela pentsatzen eta desiatzen dugu. Biktimen nahiz presoen kaleratzean zintzilik dauden erronkak heltzeko modu bat izan daitekeela frogatzen baitu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.