Hamabost egun bete dira gaur Itziar Moreno euskal preso politikoari ezarritako zigorra salatzeko Fresnes-eko espetxean dauden euskal preso politikoek gose greba hasi zutenetik. Ekhiñe Eizagirre, Saul Curto, Ugaitz Errazkin, Xabier Goienetxea, Oier Ibarguren, Enrique Lopez eta Itziar Moreno dira gose greban daudenak. Jarraian, joan zen asteazkenean, Osnyko eta Meaux-eko espetxetan dauden lau euskal preso politikoek elkartasun protestak abiatu zituzten Fresnes espetxeko presoei elkartasuna adierazteko.
Joan den astean esan bezala, gaur berriro ere Sortuk bere elkartasun osoa adierazi nahi die guztiei. Euskal preso politikoei ezartzen zaien isolamendua salatu nahi dugu.
Gose greba hasi zenetik Euskal Herrian elkartasun ekimen ugari antolatu dira: Fresnes-eko zuzendariari ehunka karta bidali zaizkio isolamendua salatzeko, manifestazioak eta elkartasun adierazpenak, edota hemen Hernanin, Elkartasun Gune Iraunkorra antolatu da.
Gaur, datorren asteburura begira, beste iniziatiba bat aurkeztuko dugu: Fresnes-era martxa. Ostiralean Euskal Herritik dozenaka lagun abiatuko dira Parisera, Frantziar estatuaren espetxe politikaren arduradunei bertatik bertara esateko nahikoa dela, espetxe politika kriminalarekin amaitzeko ordua dela. Euskal Preso Politikoei etengabeko salbuespen neurriak ezartzen jarraitzeak 2016an helburu bakarra du: presoen eta bere senideen sufrimendua areagotzea, eta bide batez, gatazka politikoaren konponbidea eragoztea.
Euskal presoen eskubideak errespetatu behar dira, edozein kasuetan, baina batez ere Euskal Herrian egoera politikoa errotik aldatu denetik. Eskubide urraketa eta mendekua oinarri duen espetxe politika iraganeko politika da, eta Euskal Herritarron nahiarekin talka egiten du zuzen zuzenean.
Euskal Herriko jendarte eta eragile gehienak, dispertsioa eta salbuespeneko neurrien aurka azaldu direnean, garaia da halako zigor neurriekin behin betikoz amaitzeko. Inoiz baino beharrezkoagoa da indarrak batzea. Isolamendu eta sakabanaketa politikak gainditzeko herritarrok aurrera urratsa egin behar dugu. Eta asteburu honetan antolatu den martxak norabide horretan jauzi bat suposatuko du.
Inoiz baino beharrezkoagoa da indarrak batzea. Presio sozial zein politikoan aurrera pausoak ematen jarraitu beharra dago Estatu espainol eta frantziarrek egun mantentzen duten mendeku politikak albora ditzaten. Era berean, ezinbestekoa da herri mobilizazioa indartu eta biderkatzea, espetxe politika anker honekin amaitzeko lehenik eta behin eta, ondoren, euskal preso politiko guztiak etxera ekartzeko.
Ostiralean, hilak 27, aterako diren autobusak:
- Bilbo 20:00etan San Nikolas
- Zarautz 21:00 Suhiltzaileek biribilgunetik
- Donostia 21:15 Amarako bus geltokia
- Iruñea 20:00 Eunate ikastetxea
- Hernani 21:00 Astegindegi
- Orereta 21:15 Panier zubia
- Irun 21:30 Behobiako bus geltokia