Beste behin ere, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiar estatua zigortu du tortura salaketak ez ikertzeagatik, kasu honetan Xabier Beortegiren tortura salaketak.
Zigor-epai honek agerian uzten du Estatu espainolak torturarekin izan duen eta daukan jarrera lotsagarria. Torturaren erabilpena ez da gertatu askotan esan zaigun bezala zerbitzari publiko okerren batek modu ankerrean jokatzea erabaki duelako, tortura sistematikoki erabili da independentisten kontra, bi helburu nagusirekin; bata, atxilotuei egin nahi ez dituzten aitorpenak ateratzeko eta bigarrena atxilotuari berari eta ingurukoei izugarrizko beldurra sortzeko.
Azken 50 urte hauetan ia 10.000 tortura kasu dokumentatu dira, eta milaka badira oraindik ere identifikatu gabeak. Horrek estrategia jakin bati erantzun dio, euskal independentismoa zapuzteko estrategiari hain zuzen.
Estatu espainolak ardura horiek aitortu egin behar ditu egiari bide eginez eta horretarako oso komenigarria litzateke hasteko torturapean lortutako autoinkulpazioak eta horietan oinarritutako zigor sententziak indargabetzea.
Torturak babesa aurkitu du bereziki salbuespenezko legedi antiterroristetan eta hauek posible egiten zuten inkomunikazioan. Hauekin bukatu beharra dago tortura desagerrarazteko.
Herri honetan bizikidetza benetako helburua baldin bada, egia ezagutu behar da. Zer gertatu zen, nork torturatu zuen nor, ardurak non dauden. Hori guztia jakin beharra dago, egia ezagutzeko eskubidea dugulako, biktimekiko errespetuagatik eta etorkizuna gertatutakoaren ezagutzaren gainean eraiki ahal izateko.
Fresnes-eko presoek gose greba bertan behera.
Fresnes espetxeko euskal preso politikoek gose greba utzi dute, Itziar Moreno kidea beste espetxe batera, Fleury-ra, emakumezko euskal presoak dauden espetxera eraman ondoren.
Sortuk euskal preso politikoei ezartzen zaien isolamendua eta sakabanaketa politika ankerrak salatu ditu egunotan.
Ez da batere onargarria garaiotan Madril-ek eta Paris-ek euskal preso politikoei ezartzen dieten espetxe politika, ez bada gatazka politikoaren konponbidea eragotzi nahi dutela. Euskal Herriko jendartearen gehiengoak dispertsioa eta salbuespeneko neurrien aurka azaldu direnean, heldu da halako zigor neurriekin behin betikoz amaitzeko.
Euskal preso politikoek espetxeetan jasaten duten egoera kaskarra eta eskubide urraketak behin betikoz amaitu behar dira. Isolamendu eta sakabanaketa politikak gainditzeko tenorea heldu da. Ezinbestekoa da herri mobilizazioa indartu eta biderkatzea, espetxe politika honekin amaitzeko lehenik eta behin eta ondoren euskal preso politiko guztiak etxera ekartzeko.
Sortuk bere elkartasun osoa adierazi nahi die Fresnes-eko espetxean eta orohar Frantziar estatuko espetxeetan dauden euskal preso politiko guztiei.
Euskal preso politiko eta iheslariak Etxera!