Gaur bost egun betetzen dira Aletxu Zobaranek gose grebari ekin zionetik, martxotik bakarrik dagoela salatzeko.
Sortuk bere elkartasun osoa adierazi nahi dio Aletxu Zobaran-i. Lerro hauen bitartez, euskal preso politikoei ezartzen zaizkien bakartze eta bestelako salbuespenezko neurriak salatu nahi ditugu. Frantziar estatuari dei bat luzatzen diogu Madrilek euskal preso politikoen kontra aplikatzen dituen mendekuzko espetxe politiken segidismoa egiteari utz diezaion.
Euskal Herrian jada inork ez du onartzen euskal preso politikoekin aplikatzen diren salbuespenezko politikak. Heldu da halako zigor neurriekin behin betikoz amaitzeko.
Hortaz bada, inoiz baino beharrezkoago da indarrak batzea, Aletxu-ren kasuan, aplikatu dioten bakartze politika gainditzeko. Zentzu horretan herritarrok eta erakundeok eman ditzakegun urratsak erabakiorrak izan daitezke.
Herri mobilizazioa indartu eta biderkatzea beharrezkoa da, Frantziar eta espainiar estatuek indarrean dituzten espetxe politika anker hauekin amaitzeko eta ondoren euskal preso politiko guztiak etxera ekartzeko.