Aste honetan sakabanaketak eragin duen beste errepide istripu baten berri izan dugu. Sakabanaketak eragiten duen enegarren kotxe istripua.
Hori ezagutu eta bi egunetara, jakin izan dugu Gorka Fraileri, larriki gaixorik dagoen presoari, Euskal Herrira trasladatzea ukatu diola Auzitegi Nazionalak. Esan diotela (epaileetako baten iritzi sendoaren kontra) minbizi bat gainditzen saiatzeko leku egokia dela espetxea, eta egokia dela ere bai, egoera hori bizitzea bere familiarengadik 700 kilometroetara dagoen espetxe batean. Minbizia gainditzen saiatzen ari den pertsona bati. Itzela.
Hauek dira sakabanaketa politika ankerraren eta gaixorik dauden presoenganako txantaia eta mendekuaren eragin itzelak, horiek direlako, salbuespeneko politika eta neurri anker hauen oinarrian daudenak, espainar gobernuko mendeku eta txantai gosea.
Baina baita ere, eta hori ozen salatu nahi dugu, euskal preso politikoen kolektiboaren kontrako neurri eta politika hauek mantentzearen arrazoia, guztiz beharrezkoa den konponbideen esnenatoki bat eragoztea, boikoteatzea, zapuztea dela. Hori da espainar gobernua, eta bere atzetik frantziarra, bilatzen ari direna.
Eta horren aurrean geu gara gakoa. Gizarte honen parte garen pertsona, eragile zein instituzioak aktibatzen, mobilizatzen eta aurrera pausuak ematen jarraitu behar dugu, hori delako egoera krudel honekin bukatzeko modu bakarra.
Horregatik Sortutik jendea animatu nahi dugu, sakabanaketaren kontra, larriki gaixorik dauden presoen eskubideen alde eta orohar, salbuespeneko egoera eta neurrien kontra antolatzen diren dinamika eta mobilizazio guztietan parte hartzera, eta zehazki, Sare mugimenduak, heldu den iganderako, hemen Iruñean, goizeko 12etan autobus geltoki zaharretik abiatuta antolatu duen manifestazioan parte hartzera, kemenez eta indarrez eskaera hauek entzun daitezen.