Sortuk bere kezka agertu nahi du bi gairen inguruan: batetik, Josetxo Arizkurenen espetxe aldaketa dela eta; eta bestetik, Espainiako Epaitegi Gorenak lau preso politikoren kasuan (Gotzon Amaro, Gari Arriaga, Alex Velasco eta Txema Olaberrieta) 579 bis 4 kode penal berria ez aplikatzea erabaki duelako.
Honela, Madrilek agerian uzten du bera dela arazo eta oztopo bakarra preso politikoen eskubideak zapaltzen dituen egungo espetxe politika aldatzeko orduan eta kosta ahala kosta mantendu nahi duela, eta soilik preso politikoen kasuan, hauen espetxealdiak eta espetxe baldintzak ahalik eta gehien luzatuz eta gogortuz.
Testuinguru honetan, pasa den apirilaren 17an, preso ohiek Bilbon antolatu zuten manifestazioan, bere gutun baten irakurketarekin salbuespen legedia ezabatu eta espetxe legedia arruntera itzultzea eskatu duen Josetxo Arizkurenen mezua nahikoa izan da mendeku gisa Murtziarako espetxe aldatzeko.
SORTUk beraz, Josetxo Arizkurenen kasuan gertatu den zigor politiko eta arbitrarioa salatzen du. Era berean, bere askatasuna eskatzen dugu gaisotasun larri eta sendaezina pairatzen duelako; eta bien bitartean, bere patologiak eskatzen duen zaintza medikua behar den baldintzetan ematea.
Gotzon Amaro, Gari Arriaga, Alex Velasco eta Txema Olaberrietaren kasuetan berriz, Espainiako Epaitegi Gorenak zigor eta mendeku ikuspegiaz zigortzen jarraitzen duela erakutsi du, bere garaian presoen eskubideen defenditzen aritzeagatik espetxe zigor izugarriak jaso zituztenen egoerei min gehiago erantsiz.
Honen guztiaren atzean, presoen egoera alda dadin gure herriaren gehiengoaren erabakiaren aurrean entzungor segitzen duen Estatua dago; zabaldu den egoera berriaren aurrean, ezer egiteko prest ez dagoena, Europa mailako espetxe legedia gogorrenetakoan gotortuta.
Bost preso politikoen kasu hauetan, eta beste hainbatetan, Estatu espainiarrak judikatura baliatzen du konponbideen aurka egiteko eta irabazke eta galtzaileen kontakizuna gailendu ahal izateko. Egoera honen aurrean, Sortuk mobilizatu beharra aldarrikatzen du, preso politikoen eskubideak eta kaleratzea lortu arte.