Atzokoan argitara eman zen Pako Etxeberria buru lantalde multidisziplinar batek Euskal Erkidego Autonomoan Torturak izandako eraginaz egindako Ikerketa Proiektuaren behin-behineko txostena.
Esan bezala, behin-behinekoa den txosten baten aurrean gaude; urte bukaeran ezagutuko omen dugu osotasunean.
Edozein kasutan, oraingoan mahaigaineratu diren datuak garrantzi handikoak dira 1960 eta 2013 bitartean torturaren erabilpenak izandako dimentsioa ezagutzeko.
4009 izan dira dokumentatutako kasuak eta horietatik 200 izan dira hartuak aztertzeko.
200 kasu horiei Nazio Batuen Istanbulgo Protokoloa behin aplikatutakoan sinesgarritasuna eman zaie kasu horiei guztiei. Denak izan dira kasu sinesgarriak.
Eta gainera, protokoloa aplikatu zaien momentuan (batzuen kasuan tortura jasan eta 40 urtera) arazo psikologikoak antzeman dira kasuen %30ean.
Hauek dira datuak. Eta behin-behineko ondorioek ideia batzuk azpimarratzen dituzte besteak beste:
Istanbulgo Protokoloaren aplikazioak aipatutako 200 laguneko laginari erakusten du erabateko sinesgarritasuna eskaini dakiekeela emandako aitorpenei.
Bigarrenik, kontutan hartu behar Euskal Erkidego Autonomoari mugatutako ikerketa dela eta beraz epe horretan bertan Nafarroan emandako tortura salaketak gehitu beharko litzaizkioke.
Emandako testigantzen sinesgarritasuna erabatekoa da beraz. Milaka eta milaka herritarrek egindako salaketak dira non adierazi egin duten Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak ala Ertzaintzak eragindako torturen biktima izan direla.
Ikerketaren txostenak dio modu berean, bai Nazio Batuek zein Europako Kontseiluak etengabeko gomendioak egin dizkiotela Espainiari mediku forenseen lanak nazioartean aitortutako teknika eta prozedurekin bat egin dezan; zoritxarrez eskaera hauek ez dira Estatuak ontzat hartuak izan.
Bereziki deigarria da dokumentatutako salaketen %76 1975etik 2013 arteko epeari dagozkiola; eta gainerako %20 izatea diktaduraren garaian gertatuak.
Eta honaino gertatua; eta errelato txiki hau egin dut txostenean jasotako datuak direlako, guk urte luzetan salatutakoak, eta oraingoan, ikerketa independente bat berrestera datorrelako egindako salaketa horiek guztiak.
Datuen argitaratzeak hausnarketa politiko batzuk eragiten dizkigu:
Lehenik eta behin, azkeneko 50 urteotan arrazoi politikoengatik atxilotutakoen kontrako torturaren erabilpena ez dela oso noizbehinkakoa izan ezta funtzionario ustelen praktika hutsa. Tortura modu sistematikoan izan da aplikatua disidentzia politikoaren kontra aritzeko eta izua zabaltzeko proiektu independentistarekin konprometituen zeudenen artean.
Ikerketa honek -iraganean beste batzuek egin duten bezalaxe- erabat desmuntatzen du ETAk atxilotuei tortura salatzeko aginduak ustez eman izanaren teoria. Kontrako norabidean erabat nabarmen, ikerketa honek tortura salaketen sinesgarritasuna agerian uzten du eta ondorioz gehitu behar da erantzukizunak eskatu behar zaizkiela urtetan ETAren ustezko aginduen teoria zabaldu zuten komunikabide eta politikariei. Gezur hori asmatu egin zuten torturaren erabilpena babesteko eta hori orain agerian geratu da erabat.
Nabarmentzekoa da Ertzaintzaren inplikazioa tortura salaketen %8an, horrek 300 kasu baino gehiago suposatzen du. Datu hori garrantzi handikoa da agerian uzten duelako tortura ez dela espainola bakarrik; eta horrek agerian uzten du ere hemen etxean, Ertzaintzaren kudeaketa politikoa egin dutenen erantzukizuna tortura kasuen aurrean. Erantzukizunak eskatu behar zaizkio PNV eta PSE, beraiek izan baitira Ertzaintzaren arduradun politikoak, giza eskubideen kontrako praktikei babesa eman dien eredu poliziala sostengatu dutelako; eta gainera horrek independentismoaren kontrako joera nabarmena zuelako. Beharrezkoa da Barne Saila kudeatu dutenek aurpegia eman eta erantzukizunak asumitzea. Eta jakina, gauza bera Guardia Zibila eta Polizia Nazionalaren kasuan; 4000 aldiz izan dira torturengatik salatuak ikerketa honen arabera. Beharrezkoa da 4000 salaketa horiek eman diren denboran bai Barne Ministerioan zein Auzitegi Nazionalean epaile eta forense gisa aritutakoek erantzukizunak bere egiteko torturaren erabilpenaren egia ezagutu dadin.
Aurkeztutako azterketak mahaigaineratu egiten errealitate bat: tortura ez da horren modu basati eta sistematikoan helburu politikoz erabili Europa osoan II. Gerra Mundialetik hona. Ikerketa honek hankaz gora jarri du bai Gasteizen zein Madrilen azken hamarkadetan gobernu ardurak izandako guztien errelatoa. Bai PPk zein PSOEk, eta baita PNVk berak ere; guztiek "saldu" nahi izan digute errelato bat non hemen gatazka politikorik ez den izan ezta orain dagoenik ere, dena ETAren bortxakeriaren erabilpenera mugatzen dela. Gasteizko Gobernuaren enkarguz egindako ikerketa honetan bildutako 4000 testigantzek agerian utzi dute errelato horren faltsukeria eta argitara eman dute aspaldian genekien zerbait: tortura ez dela kontu isolatua izan baizik eta ideiak eta proiektu politiko zilegiak kolpatzeko erabilitako tresna; eta bere erabilpena ezin zitekeela posible izan hainbat gobernuk horretarako argi berdea eman eta alderdi gehienek eta medio gehienek ere alde batera begiratu izan ez balute.
Badira kasu asko zeinetan bere momentuan atxilotuak izan zirenak espetxeratuak izan ziren torturapean egindako aitorpenei esker; horietako asko eta asko espetxean daude egun oraindik ere. Eta orain, ikerketa zientifiko eta independente batek berresten duenean tortura salaketak errealak direla, sinesgarriak, ez al da momentua iritsi bere momentuan torturatuak izan zirela esan eta gogoz kontrako aitorpenetan oinarritutako espetxe zigorrak jaso zituzten pertsonen epai judizialak berrikusteko? Guk baietz diogu, torturapean egindako adierazpenetan oinarritutako espetxe zigorrak berrikusi behar direla. Eta Lakuako Gobernuak, ikerketa honen sustatzaile gisa, neurriak hartu beharko lituzkeela hori posible izan dadin lehenbailehen.
Ikerketaren azken ondorioen zain geratzen gara; eta bitartean, uste dugu beharrezkoa dela konpromiso politiko eta instituzionala neurriak hartu daitezen eta tratu txarrak eta torturak behin betirako desagertu daitezen praktika polizialetatik. Eta bitartean, bat egiten dugu txostenaren egileekin beren ondorioetan esaten dutenean "hasitako lana ezin da bukatutzat eman eta hainbat hausnarketa egin beharko da tratu txarren eta torturaren aitortza, erreparazio eta prebentzioa eman dadin". Torturaren biktimak argitara atera behar dira, beraiek daukate eskubidea biktima gisa eta baita euskal gizarte osoak oro har gertatutakoaren egia eta erantzuleak ezagutzeko. Torturaren biktimak aitortuak izan behar dira eta ondorioz erreparazioa zor zaie gainontzeko biktimei bezala.
Sortuk biktima guzti-guztiei zor zaien egia, aitortza eta erreparaziorako eskubidea defendatzen du; eta torturarenak ezin dira hortik kanpo geratu.