ALBISTEAK

Atzoko egunez espainiar estatuko barne ministroa den Fernandez Diez-ek sakabanaketa politikaren onurak goraipatuz eginiko adierazpenei erantzun nahi die Sortuk.

Egun 400 euskal preso politiko inguru baino gehiago daude Estatu espainiar osoko espetxeetan sakabanatuak eta salbuespenezko neurriak pairatzen. Oroitarazi beharra dago ere 16 direla sakabanaketa politikaren ondorioz hil diren senitartekoak eta astebururo, presoen senide eta lagunak errepideetan bizia galtzeko arriskura kondenatzen dituela PPk.

Sortuk preso politikoei ezartzen zaien salbuespenezko politika bertan behera uztea exijitzen du; sakabanaketa politika berehalakoan amaitzea esijitzen du, ilegala delako. Estatu espainiarrak prest jarraitzen du bere legislazioak jasotzen dituen eskubideak urratzeko, beti ere gatazka betikotzeko helburu zikoitzari eusteko.

Bakea eta bizikidetza helburu duen garaian, legedia errealitate politiko berrira egokitu behar da eta salbuespenezko zigor, espetxe eta auzibide politika legedia arruntera itzuli beharra dago eta sakabanaketarekin amaitu beharra dago.

Ez dugu inolaz ere onartuko preso politikoak gatibu moduan erabiliak izatea prozesu independentista geldiarazteko. Kalera atera behar dugu indarrez: presio instituzionala areagotu behar dugu; prozesua bultzatu nahi duten sektore guztien inplikazioa lortu; Gobernu espainiarrari espetxe politika kriminala mantentzea ezinezkoa egin behar diogu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.