Sortuk bere larritasuna agertu nahi du Ibon Iparragirre preso ondarrutarrak Alcala Meco espetxean jasan berri duen jipoiagatik. Oraingo honetan, zerbitzuetako nagusiaren eskutik jaso zuen jipoia mehatxu eta irainen artean.
Sortuk Ondarruko presoak jasaten duen egoera larria salatu nahi du. Azken urteotan fisikoki 5 aldiz jipoitu dute eta urtebete igaro da azken "erresonantzia magnetikoa" egin ziotenetik, normalean 6 hilabetero egiten denean. Beraz, ezin da jakin egun nolako eboluzioa duen bere gaixotasunak.
Gogora ekarri behar da, Ibon Iparragirre gaixotasun larria duela, encefalopatía multifocal progresiva, besteren artean, eta beraz, gaixotasun larriak dituzten presoei aplikatzen zaien legediaren arabera etxean egon beharko luke bere gaixotasunak eskatzen duen tratamendua jasotzen.
Tamalez, egoera hau behin eta berriz errepikatzen ari da, espainiar zein frantziako estatuetako espetxeetan. Hau guztia, bi estatuetan aplikatzen den mendekuzko espetxe politika ankerrarengatik ari da gertatzen.
Ibon Iparragirrek jasandako jipoien aurrean ezin da beste alde batera begiratu, gu guztion ardura da egoera hau berriro eman ez dadin neurriak hartzea eta euskal presoei dagozkien eskubide guztiak errespeta araztea.
Horregatik, Sortuk Ibon Iparragirre-ren askatzea exijitzen du eta era berean gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten preso politiko guztiak ere.