ALBISTEAK

1980ko ekainaren 11n José Miguel Etxeberria Álvarez "Naparra" desagertu zen. 22 urte zituen BVE (Batallón Vasco Español) talde paramilitarrak bahitu zuenean. Egun batzuk geroago erail zutenaren berria zabaldu zuten eta bere gorpua Miarritz inguruko "Txantako" inguruetan utzi zutela ohartarazi zuten. Beraz, 36 urte bete dira "Naparra" desagertu zenetik.

Eta berriki jakin dugu, bere kausa urte luzez artxibatuta egon ondoren Auzitegi Nazionalak berriro ere ireki omen dezakeela lekuko bat agertu omen delako bere gorpua non dagoen adieraziz. Kausa berriz irekitzear egon daiteke eta hortaz, bere gorpua laster batean aurkitzeko berri pozgarriaren aurrean egon gaitezke.

Albiste pozgarria izan daitekeen honen aurrean Sortutik zera adierazi behar dugu: "Naparra"ren gorpuaren balizko aurkikuntzak urte luzez herri honetan errelato bakarra inposatu izan duten horien guztien gezurra agerian uzten duela. Sorturen ustetan, giza eskubideen urraketen inguruko errelato eta gertaera guztiak maila berean ikusarazi behar dira gizartearen aurrean eta guztiak argitzeko ahalegina egin behar da. Gaur egun, errelato eta gertaera horietako batzuk nabarmentzeko joera dago, eta beste batzuk ukatu, ezkutatu edo minimizatu egiten dira. Joera hori gainditu beharra dago. Izan ere, hedabideek, historia ofizialak, erakundeen diskurtsoek eta doktrina antiterroristak hamarkadak daramatzate garenaren eta egiten dugunaren gezurrezko bertsioa eskaintzen. Historia alderantziz kontatuta, gure herri memoria lausotu eta egia osoa izkutatu nahi digute, harik eta gure herri kontzientzia ezabatu arte.

Naparraren gorpua agertzeak errelato bakarraren teoria bertan behara uzten du. Herri honetan, biolentzia bat baino gehiago ezagutu ditugu, eta "Naparra"ren erailketak estatu terrorismoaren urte luzeetako praktika agerian uzten du. Herri honek alde askotako biolentzia jasan izan du eta gaur da eguna non Euskal Herrian oraindik ere biolentzia pairatzen dugun, baina biolentzia bakarra pairatzen dugu, estatuak praktikatzen duena.

Ezinbesteko ikusten dugu gertatutakoari buruz hitz egitea, gertatutakoaren inguruko egia azalaratzea. Hor dira oraindik orain, "Pertur" eta "Popo" Larreren kasuak. Datuak falta direla, egiaztatuta ez daudela edo ikertu ez direla esaten da, eta hori egiteko eskatzen zaio Espainiako justiziari, beti beste alde batera begiratu duen justiziari hain zuzen ere. Horrela, bizitzeko eskubidea objektiboki urratu duten gertaerak legitimatzen dira; justifikatu egiten dira, defentsa legitimorako ekintza polizialak izan zirela edo beste kalte bat eragozteko asmoz egin zirela argudiatuz. Gure Herriak egia jakin behar du, gatazka politikoaren eta bere ondorioen inguruko egia osoa behar du. Egia jakiteak erraztu egingo baitu indarkeria agertokitik agertoki demokratikora igarotzea. Gainera, egia guztiak ikusi ahal izateak elkar ulertzeko bidea zabalduko du. Ziur gaude.

Gaur egun, gatazka gainditzeko agertoki egoki batean gaude eta, horregatik, gatazkaren arrazoiak eta ondorioak konponbidean jartzea ezinbesteko ariketa da, egiari, gertatutakoaren errelatoari eta memoria indibidual nahiz kolektiboari egin beharreko ekarpena.

Ildo horretan, oraindik erabiltzen diren indarkeria mota guztien behin betiko amaiera exijitu behar da eremu sozial, politiko eta instituzional guztietatik, eta guk faltan sumatzen dugu hori.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.