ALBISTEAK

Sortuk bat egiten du Altsasuko herritarrek larunbat honetan 13:00etan deitu duten "Utzi Altsasu Pakean" manifestazioarekin.

Sortuk gogor salatzen du ostiral goizaldean tabernako borrokaldi baten harira eraiki den zirko politikoa Guardia Zibilaren iragan eta orain errepresibo beltza zuritzeko asmoz. Era berean kezkagarria deritzo zenbait komunikabide zein eragile politikok Guardia Zibilak eraikitako bertsioa ontzat hartu izana besterik gabe.

Jakin bait baitakigu herri honetan bertsio ofizialak zer diren. Bertsio ofiziala izan zen besteak beste Mikel Zabalza Bidasoan Guardia Zibilarengandik ihesi zihoala igerian ito zela, gero demostratu zenean eskuak lotuta bota zutela errekara Guardia Zibilek eurek. Eta hau adibide bat baino ez da.

Era berean Sortuk uste du ezin dela abstrakziorik egin Guardia Zibila izan denari eta denari buruz. Guardia Zibila da 36ko gerran Errepublikaren aurka altxatu zirenekin bat egin eta 40 urtez frankismoaren sustengu nagusienetakoa izan dena. Guardia Zibila da Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta kare bizitan lurperatu zituena. Guardia Zibila da milaka euskal herritar torturatu dituena inpunitate osoz. Guardia Zibila da hamarkadetan zehar kontroletan herritar zibilak mehatxatu eta ikaratu dituena, Sakanan besteak beste. Eta abar.

Hargatik, Sortuk salatzen du Guardia Zibilaren ibilbide errepresibo beltza zuritzeko ahalegina Altsasuko gertakaria aitzakia hartuta. Ezin da institutu armatua zer den bere testuingurutik atera abstrakzio politikoak eginez.

Aieteko Konferentziatik bost urtera, Guardia Zibilak lehengoan jarraitzen du, errepide kontrolak han eta hemen jartzen eta herritarrak mehatxatu eta ikaratzen, Altsasun ikusi berri dugun bezala, gatazkaren ondorioen behin betiko konponbiderako urratsak eman beharrean: Euskal Herriaren desmilitarizazioa kasu.

Alta, Sortuk Euskal Herrian bakea eta bizikidetzaren alde lanean jarraitzeko konpromiso irmoa azaltzen du, Altsasukoa moduko gertakariak berriz gertatu ez daitezen. Dei egiten diegu eragile politikoei erantzukizunez jokatzera. Horretarako, ezinbestekoa deritzo bakearen eta gatazkaren ondorioen konponbidearen ildoan urratsak ematea.

Eta horrek, Sorturen ustez eskatzen du:

1. Euskal Herriaren behin betiko desmilitarizazioa. Lehen urrats batean polizia ratioak errealitate politikora egokituz -Gernikako Estatutuan adierazten den bezala, adibidez- eta ondoren Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egitea.

2. Auzitegi Nazionalaren kanpo injerentziak behin betiko etetea eta euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak errespetatzea.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.