Auzitegi Nazionaleko Carmel Lamela epaileak Altsasuko gertakariak ikertzea erabaki du Covitek jarritako salaketa aintzat hartuta. Fiskaltzak atzokoan Altsasuko auzia Auzitegira eraman behar zela aipatu zuen "terrorismo" delitua ikusten omen zuelakoan. Hori dela eta, hainbat Altsasuko herritar deituta daude Auzitegian aurkezteko.
Sortuk gogor salatzen du tabernako borrokaldi baten harira "fabrikatu" den zirko politikoa eta era berean elkartasun osoa adierazi nahi die Altsasuko herritar guztiei une hauetan pairatzen ari diren kriminalizazio saiakeragatik. Altsasuko herria eta altsasuar guztiak ari dira kriminalizatzen. Gertakari honen harira estatuko botere politiko-juridiko eta mediatikoek Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatu denaren errelatoa inposatu nahi digute, biktima eta borrero eta garaile eta garaituen errelatoa inposatzeko.
Guardia Zibila Lasa eta Zabala torturatu eta kare bizitan lurperatu zituena da. Guardia Zibila da Mikel Zabalza Bidasoan ihesi zihoala igerian ito zutena. Guardia Zibila da milaka euskal herritar torturatu dituena inpunitate osoz. Guardia Zibila da hamarkadetan zehar kontroletan herritar zibilak mehatxatu eta ikaratu dituena.
Eta orain taberna bateko gaueko liskar bati helduta Guardia Civilaren urte luzeetako ibilbide errepresibo beltza zuritzeko ahalegina dago, kasua Auzitegi Nazionalerako eramanez.
Aieteko Konferentziatik bost urtera, estatuko aparatu guztiek lehengoan jarraitzen dute, oraingoan Auzitegi Nazionala. Gatazkaren ondorioen behin betiko konponbiderako urratsak emanez lagundu beharrean, errepresio juridikoa erabiltzen du.
Sortuk Euskal Herrian bakea eta bizikidetzaren alde lanean jarraitzeko konpromiso irmoa azaltzen du, Altsasukoa moduko gertakariak berriz gertatu ez daitezen.
Era berean, dei egiten diegu eragile politikoei erantzukizunez jokatzera. Horretarako, ezinbestekoa deritzo bakearen eta gatazkaren ondorioen konponbidearen ildoan urratsak ematea.