ALBISTEAK

ETA erakundeak adierazi duenez, Oise-ko operazioa "tranpa" izan da: "aspaldi zuen ETAK armategi hori utzia".

ETA erakundearen baieztapena kontuan hartuta, espainiar gobernuaren propaganda operazio huts baten aurrean gaudela ondorioztatu dezakegu. Eta kasu honetan, Frantziako gobernuaren laguntzarekin burutu duela operazio propagandistikoa.

Bistakoa da zergatik egin duen: espainiar gobernuak ez duelako inolako borondaterik gatazkaren konponbidean urratsik egiteko; eta norabide honetan egin nahi diren urrats oro zapuzten eta boikoteatzen ari delako etengabe. Munduko beste gatazketan ez da ikusi erakunde armatu bat armagabetzeko prest egon eta estatuak aurka egitea.

Bestelakoa da ETA erakundearen borondatea. Estatu espainiarraren amarruak agerian uztearekin batera, konpromiso guztiak betetzen saiatuko dela eta berriak ere hartzeko prestutasuna agertu baitu, bere hitza emanez.

Beraz, azken agiri honek ere argi erakusten du ETAren borondate irmoa armagabetze prozesua bururaino eramateko.

Ugariak dira ere gatazkaren konponbidean urratsak egiteko prest egon daitezkeen euskal eragileak eta norbanakoak, Aieteko bostgarren urteurrenaren harira, Foro Sozial Iraunkorraren aurkezpen ofizialean ikusi dugunez.

Konponbidearen eta bakearen aldeko konpromisoak exijitzen ditu euskal jendarteak. Argi eta garbi. Espainiar estatutik etor daitezkeen eraso eta boikot saioei aurre egitea dagokigu beraz, protagonismoa euskal gizartean kokatzearekin batera.

Bukatzeko, Sortuk bakea eta normalizazio demokratikoa azken helbururaino lortzeko bere konpromiso irmoa berresten du.

SORTU
2016-10-28

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.