Aurreko batean Sortutik gogor salatzen genuen Altsasuko gertakarien harira zer nolako zirko politikoa antolatu zen, eta guztia, liskar batetik abiatuta, delitu terrorista bat fabrikatzeko asmoz. Gaur, horren ondorioak ikusten ari gara, bederatzi herritar atxilotu ondoren.
Sortuk une larri honetan elkartasun osoa adierazi nahi die atxilotu guztiei eta Altsasuko herriari, zeina diana erraldoi baten erdian kokaturik agertzen den, sensazionalismoa elikatuz ari diren komunikabide, epaitegi eta eragile politiko guztiek fabrikatutako giro artifizialari esker.
Oraingoan terrorismo delitu bat fabrikatu dute, kasu honetan helburu jakin batekin: desmilitarizazioaren aldeko mugimenduaren kriminalizazioa, guztiz zilegia den aldarrikapena berau eta euskal gizartearen gehiengoak babesten duena. Izan ere, gaurkoa bezalako operazio irrazionalek desmilitarizazioaren aldeko defentsa ezinezkoa bilakatu nahi dute, zigor mehatxuen bitartez.
Eta badago bigarren helburu bat ere: urte hauetan guztietan Guardia Zibilak egindakoa zuritzea, guztiok dakigunean beren eskutik idatzi direla gure historiaren orrialde beltz ugari eta, Sortuk, ez du honelakorik onartuko.
Baina, operazio hauen guztiek ez dute erakusten aurrera egiten ari direnik, aurkakoa baizik: Entzutegi Nazionala eta Guardia Zibilaren bitartez espainiar proiektua inposatu nahi dutenek gero eta babes gutxiago dute euskal herritarren artean eta, gaurkoaren antzera, zenbat eta ulergaitzagoa izan bakearen eta konponbideen aurkako beren ekinbidea, gero eta bakartuagoak egongo dira.
Aieteko Konferentziatik bost urtera, euskal herritarrek apostu argia egin dute garai berria sendotzera datozen eragile eta errezeta politikoen alde. Garai berria sendotze bidean beraz, Sortuk premiazkoa ikusten du salbuespeneko neurri guztiak eta Entzutegi Nazionala baliogabetzea.
Sortuk Euskal Herrian bakea eta bizikidetzaren alde lanean jarraitzeko konpromiso irmoa azaltzen du, eta dei bat luzatu nahi du bakearen eta gatazkaren ondorioen konponbidean urrats sendoak ematera.