Altsasuko gertakariaren ostean, Sortuk hainbat hausnarketa luzatu ditu, gertakariak irmo salatuz, altsasuarrekin elkartasuna adieraziz, espetxeratuen kaleratzea exigituz... Gaur, urrats bat gehiago egin nahi du Sortuk, Altsasuko gertakarien atzean dagoenaz hainbat ondorio plazaratuz:
Altsasuko operazioak eta beste hainbatek zeri erantzuten diote? Espainiar estatua, herri hau bakearen eta konponbidearen alde egiten ari den apostua lehertu nahian dabil eta eraso iraunkor batean murgilduta dago konponbide justu eta iraunkorra ezinezkoa egin asmoz.
Borroka armatuaren behin betikoz utzi ostean, ETA erakundeak bost urte daramatza bere esku dagoen guztia eginez amaiera ordenatu baten alde. Estatua aldiz, egiten diren urrats guztiak boikoteatzen ari da. Honen lekuko denbora honetan egindako operazio guztiak, azkena Mikel Irastorzaren atxiloketa. Eta boikoteatzen jarraituko duela iragarri du gainera.
Preso politikoen alorrean, Kolektiboaren edo gizarte zibilaren aldetik urratsen berriren bat iragarri den bakoitzean, Estatuak saboteatu egin du:
- Herriraren aurkako operazioa 2012an.
- Abokatuen eta Kolektiboaren interlokutoreen aurkako operazioa 2014an.
- Eta orain kriminalizazio saio berriak ezagutzen ari gara, noiz eta Kolektiboak presoen gaiari irtenbide bat emateko hausnarketa sakona egitera doala iragarri duenean.
Biktimen alorrean, Estatua boikoteatzen ari da biktima guztien aitorpenaren aldeko iniziatiba oro, EAEko eta Nafarroako parlamentuetan onartutako biktimen legeen aurka Konstituzionalean jarritako errekurtsoek ondorioztatzen dutenez.
Eta aste honetan bertan Euskal Herrian oso zabaldutako dagoen desmilitarizazio eskaria kriminalizatzeko beste urrats eman da. Ez gaitzatela engaina: Altsasun burutu duten operazioarekin desmilitarizazio eskaria kriminalizatzea eta de facto ezinezkoa bilakatzea bilatzen dute; eta Guardia Zibilaren historia beltza zuritu eta garaitu eta garaileen errelatoa inposatzea; eta honek guztiak, herri honek bizi duen gatazkaren zentzuzko irtenbidea zuzen zuzenean erasotzen du.

Ez gara esateaz aspertuko:
- ETAren desarme ordenatu eta adostua eman beharko da.
- Euskal presoak espetxeetatik atera behar dute, euskal jendarteak adosten duen modu eta denboretan, baina espetxeetatik atera behar dira.
- Biktima guztien aitortza eman behar da, eta egia osoaren ezagutza, egia guztien ezagutza.
- Estatuko segurtasun indarrek Euskal Herritik aldegin beharko dute.
Eta hau guztia ez ETAk esaten duelako, edo Sortuk edo ezker abertzaleak. Hau guztia zentzuak hala agintzen digulako, nazioarteko estandarrek hala zehazten dutelako eta euskal jendartearen gehiengo oso zabal batek hala eskatzen duelako.
Sortuk ulertzen du iritsi dela aski dela esateko ordua. Euskal gizarteak bakea nahi du, bake osoa eta behin betikoa. Ezin dugu onartu bakearen etsaiek herri hau bakerik gabeko etorkizunera kondena dezaten.
Horregatik, Sortuk datozen egunetan harremanak burutuko dituela iragartzen dizuegu, eragiletza ezberdinarekin erantzun zabal, bateratu eta indartsua emateko datozen eraso guztiei.